GARA > Idatzia > Kultura

Otamendik, Agirrek, Viñasprek, Sanchezek, Pereak eta Apaolazak kantatuko dute Arabako finalean

Iñaki Viñaspre nagusitu zen Arabako bertsolari txapelketako azken finalaurrekoan eta erabakita gelditu da martxoaren 16ko finala. Nafarroan, Julio Sotok eta Xabier Silveirak ere finalerako txartela eskuratu dute.

p039_f01_97x92.jpg

GARA | DONOSTIA

Asier Otamendik, Manex Agirrek, Iñaki Viñasprek, Ruben Sanchezek, Oihane Pereak eta Jagoba Apaolazak osatzen dute martxoaren 16an Gasteizko Printzipal antzokian jokatuko den finaleko seikotea. Asteburuan Dulantzin jokatu zen azken finalaurrekoa beste biak baino koska bat gorago joan zen, izan ere, saio horretatik lau bertsolarik egin dute aurrera; Izar Mendiguren eta Irati Anda gelditu dira kanpoan. Otamendi eta Agirre, berriz, euren finalaurrekoak irabazita izango dira finalean.

Dulantziko amaierako sailkapena horrelaxe gelditu zen: Iñaki Viñaspre 328 punturekin, 321,5 punturekin Ruben Sanchez, Oihane Perea 309,5rekin, Jagoba Apaolaza 307,5 punturekin, 299,5rekin Izar Mendiguren eta 297,5rekin Irati Anda.

Soto eta Silveira finalean

Nafarroan bi finalaurreko izan dira asteburuan, eta txapela janztea zer den ongi dakiten bi bertsolarik lortu dute martxoaren 23rako zuzeneko txartela. Azken finalaurrekoa datorren larunbatean izango da Elizondon.

Atarrabian jokatutakoa aurtengo txapelketako lehen saioa zuen Julio Sotok, eta puntuazioetan nahikoa erraz nagusitu zen duela bi urteko txapelduna, 467 puntu lortuta. Bigarren sailkatua Erika Lagoma izan zen (436 puntu) eta gainerakoak honela gelditu ziren, hurrenez hurren: Oskar Estanga (400,5), Joxema Leitza (393,5), Iñigo Olaetxea (389,5) eta Iñaki Aleman (335,5).

Etxarri Aranatzen igandean izandako saioan ere, tarte koskorrarekin nagusitu zen Xabier Silveira, 440 puntu eskuratuta. Azken sailkapena hauxe izan zen: Jon Barberena (426), Eneko Lazkoz (424), Eneko Fernandez (401,5), Ander Fuentes Itturri 389) eta Josu Sanjurjo (378,5).

Zortzi izango dira Nafarroako finalean kantatuko duten bertsolariak. Soto eta Silveira dira oraingoz txartela eskuratu duten bakarrak. Gainerakoek Elizondon gertatzen denaren zain egon beharko dute. Larunbat honetan, 17.30ean hasita, honako bertsolariak igoko dira Lur aretoko oholtzara: Julen Zelaieta, Migel Mari Elosegi Luze, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo