GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Kontalaritza eta arkitektura

Kontatzen den ipuina airean sortzen doa, espazioan. Ezer ez zegoen lekuan soinuek, mugimenduek, keinuek, begiradek hartzen dute lekua, beraien arteko interakzioan narrazioa osatuz. Kontalaria modu egokian uztartzen dituen sortzailea izango da, osagarri bakoitza behar duen lekuan kokatuz, dagokion funtzioa betearaziz. Kontalaria kontakizunaren arkitektoa bihurtuko da, eta eraikin horretan barneratzen denak kontalariak erakutsitako espazioetan hartzen du lekua.

Kontaketak baina, bestelako arkitekturak ere behar ditu. Narrazioak osatzen duen eraikina bere edertasunean gozatzeko, ezinbestekoa izango du espazio egokian agertzea. Kontaketa ekintza bakoitzak bere lekua izan beharko du; espazio guztiak ez baitira berdinak, kontaketa guztiak berdinak ez diren bezala. Narrazioaren barne egitura bezain garrantzitsua bihurtuko da espazioaren arkitektura. Espazio fisiko egokien beharrak kontalaritzatik kanpoko beste sortzaileekin elkarlanerako beta ematen du.

Beste kontuen artean, hauekin ere aritu ginen Avilan antolatzen den Cuentacuarenta ahozko narrazio zikloan. Gaztelako hiri horretako Arkitektoen Elkargoa laguntzaile izanik ezinbestez atera da gaia. Bere egoitzan ipuin saioak burutzeaz gain, arkitektura eta ahozko narrazioa hizpide hartuz mahai-ingurua antolatu da, arkitektoek eta kontalariek euren burutazioak trukatzeko asmoz. Sormenaren bi arlo, itxuraz zerikusi handirik gabekoak, baina elkarren osagarri izan daitezkeenak; izan ere, pertsonen heziketan eta garapenean eraikin materialak zein immaterialak bizitzaren kalitatearen erakusgarri bihurtzen baitira.