joseba otano villanueva | Arrotxapeko euskalgintza
Haur eskola, institutua, Korrika eta Euskararen Astea, Arrotxapean
2012/2013 aurtengo ikasturtean Arrotxapea auzoan 800 ikasle inguruk (798) ikasketak egiten ditu D ereduan, Haur Hezkuntzan eta Lehenengo Hezkuntzan. Hau da, auzoko hiru ikastetxe publikoetako ikasleria osoaren %40. Gainera, ikasle gehien duen eredua da, British, TIL, G eta A ereduen aurretik. Auzoko hiru haur eskoletan eredu hau eskaintzen ez den arren, hiru ikastetxe publikoetako batean soilik eskaintzen den arren eta ikastetxe hori auzoko ertz batean kokatuta dagoen arren. 26.000 biztanleko auzoan (Bigarren Hezkuntzako inolako ikastetxe publikorik ez duena).
Gure auzoan eredu hau modu bidezkoagoan eskainita, %62 eta %65en artera iristeko aukera izanen genuke, Iturraman eta Alde Zaharrean gertatzen den bezala. Instituzioen gutxieneko bultzadaz, eremu euskalduneko udalekin eta eremu mistoko udal batzuekin gertatzen den bezala, eta 0 eta 3 urteen arteko tartean eta Bigarren Hezkuntzan auzoan eskaintza eginda, zalantzarik gabe eremu euskalduneko %91 horretara hurbilduko ginateke.
Oztopoen gainetik egindako hautaketa masibo honen atzean, eredu baten kalitatea dago, eskarmentuko hamarkadak dituena, eleaniztuna (bi hizkuntza edo gehiago jakitea ahalbidetzen duen bakarra) eta emaitza akademiko oso onekin.
Oso nabarmena da eredu honen eskaera soziala handia dela eta aldi berean haur eskoletan (0 eta 3 urteen artekoetan) eta Bigarren Hezkuntzan (12 eta 18 urteen artekoan) eskaintzarik ez dela. Auzoan gutxienez euskarazko Haur Eskola publiko bat eta Bigarren Hezkuntzako institutu publikoa (bertan edo iparreko eremuan, Institutu Batzordeak eskatzen duen bezala) berriz eskatzen ditugu, iaz egin genuen bezala.
Hiritarren bizkarrean ezin da gobernatu. Herriarentzat gobernatu baina herria gabe absolutismo hutsa da.
UPNri min egin arren, aurten udal haur eskoletan matrikulatzerakoan hautatu nahi genukeen eredua adierazterik izanen da, hautatzerik izanen ez dugun arren, ia 200.000 biztanle dituen Iruñea bezalako hiri batean, euskarazko plazak 20.000 biztanleko auzo bakar batean soilik eskaintzen direlako (%90ak ez du aukerarik).
UPNri berriz min egin arren, ukitutako ikastetxeetako eskola kontseiluek eta Nafarroako Parlamentuak ere (UPNren salbuespen lotsagarriaz) Iruñeko iparreko eremuan Bigarren Hezkuntzako institutua eraikitzeko eskatu dute, oraingo Biurdanaren masifikazioa horrela ekiditeko. Auzo honetan bizi dugun bidegabekeria amaitzeko bi gertaera hauek aski ez diren arren, epe ertainera balizko aldaketen zantzuak badira, pixkanaka-pixkanaka bidegabekeria amaitzeko. Laster Korrika gure auzoan ibiliko da (martxoaren 15ean) eta Euskararen Astea eginen da (martxoaren 17tik 23ra). Ekitaldi hauetan parte hartzea gurea dena (euskara) aldarrikatzeko eta bultzatzeko era bat da, zalantzarik gabe.