GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Zigor Aranalde | futbol entrenatzailea

«Etorkizunean euskal talderen batentzat lan egitea da nire helburu eta ametsetako bat»

Zigor Aranalde futbolari ezaguna izan zen. Hernani taldean hasi zen ezagun egiten, eta ondoren, Eibar, Marbella, Sevilla, Albacete, CD Logroñes, Walsall, Sheffield Wednesday, Carlisle United, Almansa eta la Gineta taldeetan aritu zen. Ondoren, Brightonen ikuskatzaile lanak egin zituen, eta pasa den urtean Albacete taldeko bigarren entrenatzailea izan zen, eta aurten berriro ere Brightonera itzuli da.

p038_f01_97x161.jpg

Jon LEUNDA

Zigor Aranalde berriro ere aulkia utzi eta bulegoetara pasa da. Brighton talde ingeleseko Europako ikuskatzailea da. Hori bai, etxetik lan egin dezake, eta hori ere oso kontuan hartu omen du Ibarrakoak bulegoetara itzultzerako garaian.

Aulkia utzi, eta berriro ere bulegoetara?

Horrela da. Orain bi urte egon nintzen Brightonen, baina orduan Ingalaterrako jokalarien ikuskatzailea nintzen, eta han egon nintzen. Iaz Albaceteko bigarren entrenatzailea izan nintzen, baina aurten berriro ere ingelesek deitu didate, eta baietz esan nien. Etxetik egin behar nuen lan, hori bai asteburuan zehar partida pila bat ikusi behar ditut, baina astean zehar etxean egoteko aukera hori oso polita zen. Alde batetik pena ematen zidan Albacete uztea, baina hemen bizi beharra dago, eskaintza ona zen, eta aurrera egin nuen.

Aulkia, edo oraingo lanpostua?

Niri biak gustatzen zaizkit. Ezberdinak dira. Batean jokalariekin eguneroko lana egin behar duzu, eta hori ederra da, eta are gehiago horrenbeste urte futbolari izan eta gero, baina orain egiten dudana ere ederra da. Jokalari asko ezagutzen dituzu, eta partida asko ikusi.

Bigarren Mailako talde batek ikuskatzaileak Europan zehar izateko, antolakuntza bikaina izan behar du, ezta?

Bai. Ikuskatzaileen lanari Brightoneko zuzendariek garrantzi handia ematen diote. Antolakuntza bikaina dauka, eta garbi izan, Premierren ari diren asko baino hobea duela. Aurten ez bada, hurrengoan, baina talde hau ere laster izango da Premierren jokatzen.

Ezberdintasun asko ikusten al dituzu Ingalaterrako eta Estatu espainoleko ligen artean?

Bai, ezberdinak dira. Hasteko, jokatzeko era oso ezberdina da. Ingalaterran lan fisiko gehiago izaten da, eta Espainiako Ligan taktikoki landuagoak dira taldeak. Zaleen artean, berriz, aldea ikaragarria da. Ingalaterran bat izan daiteke Liverpoolen, Arsenalen edo Manchesterren aldekoa, baina lehentasuna beti herriko taldeak dauka, eta denak doaz zelaira beren taldea animatzera. Estatu espainolean jendea oso elitista bihurtu da, handi zalea, baina ez Espainian bakarrik, etxean ere bai. Badirudi Realekoa edo Athleticekoa izan behar dela, eta orain, gainera, Real Madrilen edo Bartzelonaren aldekoa, eta herriko taldeek ez dutela garrantzi handirik. Pentsaera hori erabat aldatu beharra dago.

Eta ekonomikoki?

Ekonomikoki Espainiako Ligan gertatzen ari dena ez da normala. Talde asko eta asko daude estu eta larri, jarraitu edo ez, kinka larrian, eta ez Bigarren B edo Hirugarren Mailakoak bakarrik. Ingalaterran ere egon da kasuren bat, baina gutxiengoa da. Agian ezagunenetako bat Leeds taldearena izan da. Orain Bigarren Mailatik behera arau bat jarri dute, taldeak zorrez ez jateko, eta zor kopuru bat jarri dute. Hori gainditzen duten taldeek, ezingo dute jarraitu.

Euskal jokalarientzat leku ona izan al daiteke Ingalaterra?

Bai, bai. Nik urte asko egin nituen jokalari bezala Ingalaterran, eta nire kirol bizitzan hartu dudan erabakirik garrantzitsuenetakoa eta onenetakoa izan da. Euskal jokalariek dituzten dohainentzat ere egokia dela esan daiteke, baina gutxi dira Ingalaterra aldera doazen euskal jokalariak.

Ingalaterran, zer-nolako oihartzuna dauka Bigarren Mailak?

Oso liga garrantzitsua da. Gaur egun ikusleen batez bestekoa 20.000 ikusle pasakoa da, eta hor ikusten da jendeak zer-nolako erantzuna ematen duen. Talde ezagunak ere asko dira, hortxe ari baitira jokatzen Nottingham Forest, Leeds United, Crystral Palace, Midlesbrourgh, edo Ipswich Town bezalako taldeak. Pentsa, Europako Kopa irabazitako taldea ere hemen dago. Bai zaleen aldetik, eta baita komunikabideen aldetik ere asko jarraitzen den lehiaketa da hau ere. Oso garrantzitsua da Ingalaterran.

Non dago Zigor Aranalderen etorkizuna?

Ez dakit, gaur egun futbola dagoen bezala ez da jakiten erraza, eta egia esan egunekoa bizitzen saiatzen naiz, eta orain egiten ari naizen lana ahalik eta ongien egiten saiatu. Hortik aurrera, denborak esango du, aulkian, talderen bat entrenatzen, edo ikuskatzaile bezala jarraituko dudan, dena ez baitago nire esku. Hori bai, garbi daukat egunen batean, aulkian, edo bulegoetan, hori berdin zait, euskal talderen batean egin nahiko nukeela lan. Urte asko dira etxetik joan nintzela, eta hango talderen batera itzultzea da dudan ametsetako bat.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo