GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio | Kazetaria

Bob Esponjak gara Bikini hiriburuan

Emakume lizentzia hilekoa estreinakoz etorri zitzaigun egunean eman ziguten. Haur izateari uko egitera behartu gintuen egoera hark, nolabait esateko, arrotza zitzaigun dialektika baten baitan murgiltzeko ondoren. Lur gainean arnas hartzetik itsaso azpiko burbuiletara joan ginen hilekoa etorri zitzaigun egun madarikatu hartan. Bob Esponjak gara.

Sexualitateaz hitz egin ziguten, ugalketaz, prebentzioaz... Eta ardura, hein handi batean, gugan ezarri zen. Heldu zen nobioetarako garaia, tontakeria, hormonen dantza edo dena delakoa. Garaian ginen, hala esaten ziguten behintzat ondoan genituen helduek.

Dantzalekuetara joan ginen, eta sarrera ordaindu gabe barrura sartzen utzi ziguten. Gizonezkoak, kanpoan, diru zorroa astintzen. Emakumeak ginen, noski, eta justifikatuta zegoen.

Hazi ginen. Heldu ginen. Ezkondu ginen, mahaia bitan banatuta. «Utzi mutilei haien kasa eser daitezen, gure gauzez lasaiago hitz egingo dugu-eta». Eta bazkaldu genuen, ipar eta hego hemisferioa banatu zituen ohol puska horren inguruan.

Lilatoian parte hartzen dugu urtean behin. Bost kilometroko aldarrikapena egiten dugu, eta aitzakiarekin haurrak bikotekidearekin utzi eta bazkaritarako aukera aprobetxatu. Jatetxeko komunera sartzerakoan, seme-alabarik gabe egonda ere, haurren fardela aldatzeko zera hori emakumezkoen komunean ikusten dugu oraindik. Noski, emakumeak gara, haurrei fardel zikina aldatu behar dioten emakumeak.

Etorkizunari maiz begiratzen diogu, eta uko egin gure aiton-amonen harreman berbera sostengatzeari. Trukean sinesten dugu, berdintasunean. Ez ditugu Benidormen sei hilabete pasako, elkarri hitzik egin gabe itsasertzeko paseoan kilometroak eta kilometroak joan-etorrian.

Batez beste 480 aldiz jaitsiko zaigu hilekoa bizitza osoan; 480 aldiz gogoratuko gara etorri zitzaigun lehenengo egun hartaz; eta, hala izatea nahi ez badugu ere, 480 aldiz ur gaineko argia burbuilen artetik ikusten jarraitzeko arriskua badugu oraindik. Izan ere, Bob Esponjak gara, ur azpian sortu ziguten Bikini hiriburu hartan. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo