Mikel Aramendi | Kazetaria
Erreformatxoen iraultza
Lasai bitez gure zerga- iruzurgileak: sobietak ez dira Suitzaz jabetu. Enpresa kotizatuetako goi arduradunen soldata eta gainerako ordainsarien zenbatekoa akziodunen esku ipintzea besterik ez du egiten Minder proposamenak
Gure garai mitikoetan, Iraultza -singularrean, hizki larriz beti ere- gauza bat zen, eta erreformak -pluralean, letra xehez- oso bestelako zerbait. Hauek haren aitzindari ala desaktibatzaile ote ziren genuen tema, eta ez nolanahikoa: jakin nahi nuke zenbat orrialde dauden horretaz Lazkaoko beneditarren artxiboan. Iraultzaren biharamuna aurreratzeko interesgarriak izan zitezkeela ditxosozko erreformak deliberatuz bukatu genuela uste dut. Iraultzak -letra larriz zein xehez, singularrean nahiz pluralean- berandutu egingo zitzaizkigula ohartu ginenean edo, erreformak -ez nolanahikoak- behintzat berehala egin behar zirela erabaki bide genuen. Sinkretismoaren abantailez baliatuz, erreformak zirela benetako iraultza esan zuen baten batek. Baina denbora igaro ahala, erreformak -erradikalak nahiz erdipurdikoak- ere Greziako kalendetarako geratzen ari zirela ohartu ginen, eta horrela iritsi gara gaur gauden lekura: ea aldaketaren bat, edozein, sumatzen dugun nonbaitetik eta, edonondik datorrela ere, egingo dugu ahal duguna haren alde.
Suitzako Minder ekimenak edo, zehatzago esan behar bada, «Gehiegizko Ordainketen aurkako Herri Ekimenak» joan den igandean lortu zuen arrakastaren aurrean sentitu nuen alaitasuna esplikatzeko era bakarra dela esango nuke. Ia bizitza osoa konpainiatzar guztiak desjabetu egin behar direla esaten aritu ondoren, haien kudeatzaileek lapurretan egiteko zailtasun gehiago edukitzearekin konforme ez ezik pozez gainezka... Marka da.
Interes gabea zelako-edo, inguru hauetako hedabide nagusietan kasik aipamenik egin ez zaionez, argibide minimoak albisteaz: Thomas Minder izeneko enpresa-gizon eta UDC alderdi liberal-kontserbadoreko politikariak (hortik kalkula haren «gorritasuna») Suitzako enpresatzar handienen arduradun gorenek berentzat seinalatu ohi dituzten soldata eta gainerako ordainsari neurrigabeen aurkako kanpainari ekin zion 2005en. Hiru urte geroago, 2008an, krisiaren hastapenetan jada, Herri Ekimen Legegile bihurtu zuen bere ekimena eta, 100.000 sinadura bildu ondoren, proposaturiko Konstituzio aldaketa erreferendumean bozkatua izatea lortu du. Eta, Suitzako alderdi nagusi guztiak aurka agertu diren arren, eta hainbat zoko ahaltsutatik beldurra eta izua sortu nahi izan bada ere, Minderrek irabazi egin du «bere» erreferenduma pasa den igandean. Aise irabazi gainera: honelakoetan ohikoa dena baino parte-hartze handiagoarekin (erroldatuen erdiak bozkatu du, gutxi gorabehera), boto-emaileen bi herenek babestu dute proposamena, eta baiezkoak kantoi guzti-guztietan irabazi du.
Lasai bitez gure zerga-iruzurgileak: sobietak ez dira Suitzaz jabetu. Enpresa kotizatuetako goi arduradunen soldata eta gainerako ordainsarien zenbatekoa akziodunen esku ipintzea besterik ez du egiten Minder proposamenak. Ez die gehienezko muga bat ere ipintzen ordain astronomikoei. Baina, hala ere, ikusi egin behar da nola ipini diren batzuk: ni poztu adina haiek haserretu! Iraultza dela ematen du.
Edota eliteen ebasketa sistemak eragoztea iraultzaile bihurtu ote da?