PPren udal arloko erreforma arbuiatu du Amaiurrek, «birzentralitzailea» delako
Koalizio soberanistak adierazi zuenez, alderdi kontserbadorearen erreforma proiektuak «trantsizioko urteetara» eramango ditu udalak eta kontzejuak, horien eskumenak murrizten dituelako. Legearen kontra dauden alderdi guztien batasuna lortzen saiatuko da Amaiur.
Mikel PASTOR |
Amaiur koalizioak gogor kritikatu zuen atzo PPk tokiko erakundeen gainean egin duen erreforma, «birzentralizatzea» eta «zinegotzi eta alkateen lana gutxiestea» helburu dituela salatuz.
Onintza Enbeita, Iker Urbina eta Xabier Mikel Errekondo gogor aritu ziren alderdi kontserbadorearen proiektuaren kontra. Nabarmendu zutenez, PPk gastua murriztea erabili du «aitzakia» gisa, erreforma gizarteratzeko. «Gastuak murriztu egin behar direla esanez euren burua zuritzen dute, eta, era berean, oso argudio populista denez, gizartearen zati bat konbentzitzen saiatzen dira».
Koalizioaren ustez, erreforma honek «udalak hustea» lortu nahi du; hau da, «hiritarrak erabaki eremu hurbilenetatik aldentzea». Bide horretan, Euskal Herriko historian udalek izandako funtsezko papera aipatu zuen Amaiurrek, «hori guztia deuseztatu» nahi dutela» gaineratuz.
Historian atzera eginez
Erasoaren larritasunaz ohartarazteko, erreformak «trantsizio garaira» itzultzen gaituela azpimarratu zuten hiru bozeramaileek, proiektuak «sokak are gehiago estutzen» dituela salatuz.
Erreformak 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriei eragingo die gehien, eta bereziki, 5.000 baino gutxiago dituztenei. Kasu horiek bereziki lazgarriak dira, Amaiurren hitzetan: «Nola ezagutuko ditu ba Madrilek Amorotoko biztanleen kezkak eta beharrizanak?», galdetu zuen Errekondok.
Birzentralizazio arriskuaz harago, erreforma honek etorkizuneko pribatizazioei atea irekitzen diela adierazi zuten koalizioko kideek. «Eta hori horrela bada, gure herrietan zerbitzuek kalitatea, estaldura eta eraginkortasuna galduko dute», azaldu zuen Enbeitak.
Proiektuaren aurka osoko zuzenketa jartzeaz gain, Amaiurrek zuzenketa partzialak aurkeztuko ditu, gutxienez Hego Euskal Herriko lurraldeetan neurria aplikatu ez dadin.
Erreformari aurre egiteko lanean Amaiur ez da bakarrik egongo Kongresu espainolean. PSOEk, EAJk, Geroa Baik eta beste zenbait alderdik ezezkoa eman diote PPren erreforma honi. Alderdi horiekin akordioak bilatzen saiatuko da koalizioak, era bateratuan legeari aurre egiteko.
Alderdi kontserbadoreak gehiengo osoa baliatuz, oposizioko taldeek aurkeztutako zuzenketa guztiak ezereztu ditu orain artean, EAJk euskal foruen berezitasunak onartzeko eskaera egiten zuena salbu.
Amaiurrek gogor kritikatu zuen udalen eskumenen murrizketa eta erabakiak Madriletik hartzeak duen arriskua: «Nola ezagutuko dituzte Amorotoko biztanleen kezkak eta beharrizanak?»
Espainiako Kongresuan daukan gehiengo osoa erabiliz, oposizioko taldeek aurkeztutako zuzenketa guztiak atzera bota ditu PPk, euskal foruen berezitasuna onartzeko EAJk egindako proposamena izan ezik.