GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionak Korrikaren historian izan duen tokia nabarmendu du AEK-k

Andoaindik Baionara «euskara elkarri ematen» Euskal Herria zeharkatuko du 18. Korrikak martxoaren 14tik 24ra. Baiona aukeratu du aurten AEK-k lasterketa handiaren helmuga, eta hiriak Korrikaren historian izan duen tokia oroitarazi nahi izan du erakusketa batekin.

p016_f01_148x108.jpg

Idoia ERASO |

Baionak Korrikaren historian izan duen tokia nabarmendu nahi izan dute AEK-ko arduradunek. 1991n eta 2001ean ere ibilbidearen azken besta hartu zuen hiriak, eta 1983an abiapuntu izan zuen. «Baionarekin duen lotura oroitzeko erakusketa ttipi bat egin dugu hiri erdiguneko liburutegian. Bertan lekukoa ikusteko parada ere bada, normalean fite pasatzen da eskuz esku eta hemen denek lasaiki ikusten ahal dute», adierazi zuen Ipar Euskal Herriko Korrika arduradun Maider Heguyk.

Herriko Etxearekin egiten duten lana ere nabarmendu zuen Heguyk: «Lan orduetan euskara ikasten duten administrazioko langileak baditugu zerbitzu guztietan». Herriko Etxeko ordezkari gisa Jean-Rene Etchegarayk herri-langileen artean euskara mailan izan diren aitzinapenak ematen dion poza agertu zuen.

Ipar Euskal Herrian AEK izaten ari den garapena nabarmendu zuen Korrikako antolatzaileak: «Gau eskolek euskalduntzen laguntzen dute, aurten 1.000 ikasleen muga gainditu dugu eta herriko etxeetan 200 bat ikasle ditugu. Gainera, Korrikaren bidez herriz herri euskara karrikara ateratzen da beste giro batean».

Bukaera eguna

Herriko Etxearen aitzinean bukatu aurretik, 18. edizioko azkenengo kilometroek hiriari itzulia emanen diote. Santespiritu eta ZUP auzoetan barrena ibili ondoren erdigunera ailegatuko da.

Aurtengo berrikuntza zumba dantzatzeko aukera izanen da. Esne Beltza taldeak konposatu duen «Bagoaz korrika» kantuari koreografia egin dio Nadege Pinaqui dantzariak. Horri jarraiki martxoaren 24an jende guztiak elkarrekin dantzatuz flash mob bat grabatuko dute. Hainbat entsegu antolatu dira zumba dantzatzen ikasteko. Nork bere aldetik koreografia ikasteko aukera bada Korrikaren webgunean eta Kanalduden.

Abiapuntu

Korrikaren hirugarren edizioa, 1983koa, Baionan hasi zen. 1991n eta 2001ean, berrizm helmuga izan zuen. Atharratzen, Hendaian, Donibane Garazin eta Maulen ere hasi izan da lasterketa.

Euskalduntzen

Ipar Euskal Herrian AEKra hurbiltzen den ikasleen herena kanpokoa da. Euskalduntzeko arrazoi nagusiak hizkuntza berreskuratzea, haurrekin mintzatzea eta integratzea dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo