Irak kutsatzeko arriskua areagotu du soldadu siriarrei egindako segadak
Joan den astelehenean soldadu siriarren konboi bati Iraken egindako segadak areagotu egin du herrialde hori Siriako gatazkan nahasteko arriskua. Siriako matxinoek 48 soldadu siriar eta bederatzi irakiar hil zituzten. Orain arte Bagdad gerratik kanpo geratzen saiatu bada ere, mugaren bi aldeko biztanleen arteko harremanak estuak dira, eta gatazka konfesional handia sor daiteke, Iraken lehendik ere badaudelako xiien eta sunien arteko arazoak.
GARA |
Iraken 48 soldadu siriar hil zituen segadak kolokan jarri du herrialde horrek gorde nahi duen neutraltasuna. Soldaduak Iraken babestu ziren mugaldean matxinatu taldeekin borrokatu ondoren. Siriara itzultzen ari zirenean, Anbar probintzia zeharkatuz, matxinoek eraso egin zieten, eta siriarrekin batera, bederatzi soldadu irakiar ere hil ziren.
Orain arte Bagdadek Sirian indarkeria bukatzeko deiak baino ez ditu egin izan, eta saiatu da gatazkatik kanpo geratzen, Siriako gerrak Iraken barruan ere eragin larriak sor ditzake-eta.
Izan ere, Irak krisi politiko larrian murgildurik dago, eta xiien eta sunien arteko gatazka ere pairatzen du. Anbar probintziako biztanle suniek harreman estuak dituzte Siriakoekin -tribuen artekoak, senideen artekoak zein merkataritza harremanak-. Horietako batzuek talde matxinoetan parte hartzen dute eta suniak dira.
Irakeko Gobernua, berriz, xiien kontrolpean dago eta ez du amore eman Mendebaldeko potentzien presioaren aurrean Baxar al Assaden aurka agertzeko.
«Irak Siriako gatazkan nahasten bada dudarik gabe indarkeria konfesional larriak eztanda egingo du», adierazi zuen Ihsan al-Shammari analista politikoak. Baina segadak agerian utzi du -gerra Siriako mugak gainditzen ari dela ez ezik- Bagdad gatazkatik kanpo geratzeko zailtasuna. Siriako krisia «eskualde osoan ondorioak dituen gatazka da» eta konfesio eta etnia ezberdinak dituzten herrietan eragin gogorra izateko arriskua du, batez ere Iraken eta Libanon, Hamid Fadhel analistak adierazi zuenez. Bere ustez, «segadak honako mezu garbia bidali die irakiarrei: Sirian gertatzen dena zuzenean Irakera zabaldu da».
John Drake AKE arriskuak aztertzeko elkarteko adituaren iritziz, eraso honek Siriako gatazkaren hedapena, kutsadura azkartuko du. «Matxinatu siriarrek egin badute, gerra hasi zenetik Iraken egin duten erasoaldi handiena da», nabarmendu du Drakek. Gainera, «biztanle irakiarren laguntzaz egin zezaketela» adierazten du. Biktimak babes bila sartu zirenez Iraken, matxinatu siriarrek beren borrokarako mehatxutzat jo dezakete Irak, Drakeren iritziz.
«Eta horrek Assaden aurkako talde batzuk Irak erasotzera bultza ditzake», gaineratu du.
Joan den igandean, segada gertatu baino 24 ordu lehenago, Siriako oposizioak Bagdadi egotzi zion «esku sartzea» handitzea eta «herri siriarrari erasotzea». Bagdad estu hartuta dago Iranen -Assaden aldekoa- eta oraindik harreman onak dituen AEBen eta beste herri arabiarren artean. Irakeko agintariek erasoaren ondoren egin zituzten adierazpenetan ere agertu zen kutsaduraren kezka. Defentsa Ministerioak «lurralde irakiarrean infiltratu zen talde terrorista bat» aipatuz, «Iraken subiranotasunaren aurkako erasoa» izatea salatu zuen.
Nouri al-Maliki lehen ministroaren bozeramaileak ere antzeko kezkak azaldu zituen: «Siriako krisia Irakera zabaldu nahi dute batzuek, baina gure indar guztiaz aurre egingo diegu saiakera horiei, edonondik datozela ere».
Raqqako gobernadorea
Sirian matxinatuek Raqqa hiria hartu zuten joan den astelehenean. Ehunka militarrek ihes egin zuten, Irak aldera hain zuzen, eta Alepo aldera. Matxinoek hartu duten lehenengo probintzia hiriburua da. Gainera, Hassan Jalili gobernadorea, Souleiman Souleiman Baath alderdiko burua, Polizia burua eta Inteligentzia buru bat atxilotu zituzten.
Atzo Armadako hegazkinek hiria bonbardatu zuten. «Gutxienez 60 kohete bota dituzte», adierazi zuen lekuko batek. Zaurituak ospitaleak betetzen hasi ziren. Erregimeneko iturriek azaldu dutenez, lurretik ere tropak bidali zituzten Raqqa berreskuratzeko eta borrokan jarraitzen zuten.
Matxinoek garaipen hau lortu arren, erregimena irabazteko bidean dagoela adierazi zuen Baxar al Assadek. Presidente siriarraren iritziz, «oposizioa bere azken kartak jokatzen ari da».
A la vez que rechazó la injerencia de Irán y Hizbulah en el conflicto sirio, el secretario de Estado de EEUU, John Kerry, avaló ayer el envío de armas por parte de las petromonarquías del Golfo a la insurgencia, confiando en que caigan en manos de la oposición «moderada». El secretario de Estado acabó en Doha su gira por Europa, Egipto y los países del Golfo e insistió en que EEUU no suministra armas a la rebelión. «Sabemos lo que hacen», dijo en alusión a Qatar y Arabia Saudí, que sí las envían. «Hemos discutido sobre qué tipo de armas se envían», explicó Kerry en Doha junto al primer ministro qatarí, Hamad Ben Jassem Al-Thani, con el que habló sobre «la capacidad de garantizar que las armas llegan a buenas personas y a la coalición de la oposición siria moderada. Creo que estos últimos meses ha aumentado esta capacidad permitiendo tener aún más confianza», indicó Kerry, que había admitido de que «no se puede garantizar que un arma u otra no caiga en las manos que no quieres». GARA
Abdalah II.a Jordaniako erregeak Siriako Gobernuari eskatu zion aurrera eramateko «alderdi guztiak hartuko dituen trantsizioa», herria leher ez dadin. «Alde guztiak aintzat hartzen dituen trantsizioak bakarrik geldi dezake gatazka eta Siria zatitzea eragotzi», adierazi zuen erregeak Ankaratik.