GARA > Idatzia > Kultura

Egiako Le Bukowskiren jarduera klubetik aterako da bigarrenez, «Zé premikin!» jaialdiari esker

Goizaldera arte iraungo dute kontzertuek Gazteszenan martxoaren 27an. Inolako beharrik gabe sortu zen festak egitarau oparoa izango du aurten, Lobo Electrico taldearen agurra tartean.

p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Egia auzoan dagoen Le Bukowski musika klubak «Zé premikin! exile on Jareño St.» jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko du hilaren 27an, iaz izan zuen arrakastak bultzaturik.

Josu Urbieta, Axi Aizpurua eta Iñaki Egitegi klubeko arduradunek «borondatezko deserri bat» dela esanez definitzen dute musika jaialdia, tabernan bertan urtean zehar antolatzen dituzten ekintzen eredua kanpora ateratzeko xedearekin sortu baitzuten.

Izan ere, Egian -eta Le Bukowskitik oso gertu- dagoen Gazteszena kulturgunea izango da beste behin kontzertuak hartuko dituen espazioa. Horrela, arduradunek leku faltagatik edota ordutegi mugengatik euren bezeroei eskaini ezin izaten dizkieten formulak jorratuko dituzte.

Bi agertoki prestatuko dituzte. Txikian edo klub-gunean etxeko DJak arituko dira, DJ Makala eta DJ Budin, alegia, musika nahasten. Agertoki handia, berriz, zuzeneko musikari eskainiko diote. Bertara igoko dira Euskal Herriko zein nazioarteko puntako taldeak: Lisabö (Irun), Atom Rhumba (Bilbo), Willis Drummond (Baiona), Inoren Ero Ni (Andoain) eta Nobunny (AEB).

Hauekin batera Tolosako Lobo Electrico-k ez du aukera galduko azken kontzertua emateko. Taldeak duela hilabete batzuk iragarri zuen banatzea, baina ez zuten agur-kontzerturik eman. Beraz, azken aukera honetaz baliatuko dira agertokitik behar bezala jaisteko.

Lehenengo urtearekin alderatuta, berrikuntzarik badago, ordea. Hasteko, egunean bertan, martxoaren 27an, «aperitibo bat» egingo dute Le Bukowski tabernan. 20.00etan Bad Sports estatubatuarrak arituko dira doako kontzertu batean, giroa berotzen joateko Gazteszenara igo baino lehen.

Bigarren berrikuntza jaialdia borobilduko duten bi kontzertuak dira. Martxoaren 29an atzerriko bi talde izango ditugu Egiako musika klubean, estatu espainolean bira egiten ari direla baliatuta. Lehenik Minneapolisko L'assassins taldeko neskak arituko dira. Hauek 60ko hamarkadako taldeen, garage estiloaren, surfaren eta punk&rollaren influentzia dute eta azkenaldian arrakasta izaten ari den taldea osatzen dute. Ondoren, The Jancee Pornick Cassino errusiar-estatubatuarrek rockabilly doinuak ekarriko dituzte Le Bukowskira.

Hiru «saltseroei» esker

Honelako jaialdi bat prestatzeko ez dago inolako premiarik, ekitaldiaren izenak iradokitzen duen moduan. «Ze behar dugu honelako enbajada batean sartzeko? saltsero batzuk gara», aipatu zuen Axi Aizpuruak. «Saltsero» hauek lehenengo edizioko beldurra galdu zuten iaz, eta izandako harrera onaren ostean, aurten zein datozen urteetan ospakizun handiarekin jarraitu ahal izatea espero dute.

Jaialdira joateko sarrerak jada salgai daude Kutxasarrerak.net atarian, 8 euroan. Egunean bertan ere izango dira salgai, 10 euroan. Antolatzaileek iaz bezain jende piloa erakartzea espero dute -aforoak 700 lagun onartzen ditu eta iaz sarrera guztiak saldu ziren-, eta horregatik jarraitu dute sarrerak salneurri eskuragarrian eskaintzen. «Gure intentzioa jai bat egitea da, eta jenderik gabe ez dago jairik», aitortu zuen Josu Urbietak.

Ohiko EGITARAUA

Jaialdiaz aparte martxoan zehar bestelako kontzertuak eskainiko dituzte klubean, hala nola Strange Hands eta Nucular Aminals (datorren larunbatean) edo Triz3ps hilaren 15ean eta Havalina 16ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo