GARA > Idatzia > Kultura

Bi Harriz Lau Xori jaialdia, euskal dantzak, musika eta antzerkia deskubritzeko

p047_f02_88x124.jpg

GARA | BIARRITZ

Euskal kulturari eskainitako Bi Harriz Lau Xori jaialdiak beste behin ere aniztasun eta kalitate handiko programa ekarriko du Biarritzera martxoaren 15etik 23ra. Aguxtin Alkhatek bere disko berria aurkeztuko du, eta ondoren Interzone Extended nazioarteko taldeak hartuko du lekukoa. Jaialdiko beste berritasuna Anakrusa dantza taldearen eskutik heldu da «Tempus,-I» estreinatuko baitu Biarritzen. Antzerkia Artedrama eta Chimeres taldeen eskutik hurbilduko da festibalera, lehenak «Publikoari gorroto» eskainiko du eta konpainia biarriztarrak «Otso» antzeztuko du.

Programazioari begiratuta, euskal adierazpide ezberdinei ohore egiten dietela nabarmendu zuen Biarritz Kulturako Eloixa Ospitalek: «Helburua egungo euskal kulturako artistak deskubritu, ikusi eta entzutea da».

Berritasunak

Xan Alkhat gazte heletarraren disko berria ezagutzeko parada izango da martxoaren 14an. Pop rock estiloko lanaren aurkezpena egingo du. Kontzertu gaua izango da 14koa, Alkhaten ondoren «muga eta hizkuntzen artean zubia egiten duen» Interzone Extended-ek joko baitu. Siria, AEBak, Libano, Iran eta Estatu frantseseko kideak dituen taldearen mestizajea izango da taula gainean. Atabaleko zuzendari den François Matonen arabera: «`Waiting for Spring' disko berria ilunagoa da funtsean, Siriako testuinguruak edo Khaled Aljaramani taldekidearen erbeste politikoak eragina izan dute».

Larunbatean Anakrusa taldearen lan berria deskubritzeko parada izango da. Noemi Viana, Eneko Gil eta Iñigo Ortega Martinezek sortu eta interpretatzen duten «Tempus I» lanak mugimendua, soinua eta espazioaren uztarketa ditu abiapuntu. Hiru lengoaia nahastuta lengoaia bakarra sortu dute agertoki gainean jarriz.

Chimeres antzerki taldearen «Otso» lan berria Biarritzen ikusgai izango da. Amaia Hannebutte-Millarden obran oinarritu lan honek otsoaren hiru irudi ezberdin eskaintzen ditu. Manex Fuchsek eta Ander Lipusek «Publikoari gorroto» antzezlana aurkeztuko du martxoaren 21ean, «metateatroa» izan gabe ere ekintza teatralari buruzko gogoeta.

Fitxa

Tokia: Antzerki eta dantza emanaldiak Biarrizko Colisee antzokian, eta kontzertuak Atabal musika berrien zentroan.

Data: martxoaren 13tik 23ra.

Antolatzailea: Biarritz Kultura.

Argibideak:

www.biarritz-culture.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo