Pragako alkimisten sekretuak ezagutuko ditugu Mikel Valverderen liburu berrian
Euskaraz kaleratzen den «Rita» bildumako bederatzigarren alea dugu honakoa. Komikiaren mundutik datorren idazle gasteiztarrak testuak eta irudiak konbinatzen ditu istorioa xehe-xehe kontatzeko asmoz.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Mikel Valverde idazle gasteiztarraren «Rita eta alkimistaren ametsa» liburua kaleratu du Elkar argitaletxeak. Oraingo honetan haurrak Pragara egingo du bidaia bere osaba Danielekin, eta bertako elezaharren artean barneratuko da.
Honakoa Rita pertsonaiaren bildumako euskarazko bederatzigarren alea da. Jatorriz Valverdek gaztelaniaz sortu ditu istorioak (hamar liburu daude jada), baina Ramon Olasagasti itzultzailearen lanari esker haur euskaldunek ere gustura irakur ditzakete Rita neskatoaren abenturak.
Valverde komikiaren munduan hasi zen lanean eta ondoren eman zuen saltoa literaturara. «Istorioak kontatu nahi nituen eta marraztea gustatzen zitzaidan, baina irakurtzea ez hainbeste», aitortu zuen sortzaileak. Kontatu nahi zituen istorioak kontatzeko komikiak nahikoa ez zirela konturatu zenean liburu bat idaztea erabaki zuen, eta horrela sortu zen Rita.
Neskato bidaiaria
Ilustrazio batetik abiatu zen eta hasieratik argi izan zuen neska hori hainbat kontakizunen protagonista izango zela. 8-9 urteko haur baten paperean jartzen da Ritak egingo lukeena kontatzeko, eta gertatzen dena erreala gerta dadin ahalegintzen da. «Ez nuen nahi Ritak irudimenarekin bidaiatzerik, horregatik sortu nuen Daniel osabaren pertsonaia, bera norabait joaten denean berarekin bidaiatzera gonbidatu zezan». Eta horregatik ere, Rita ahal duenean joaten da bidaian. Kasu honetan Gabonetan, bestela eskola izango lukeelako. Oraingoan, beraz, Pragara doa eta osabak kontatzen dion alkimisten inguruko kondaira bat du oinarri kontakizunak. Aurretik ere Poloan eta Egipton izan da, baina horrek ez du esan nahi etxetik gertu abenturarik gertatzen ez zaionik.
Ritaren bildumako istorioen pisu narratiboa gehienbat testuan dago, baina irudiek xehetasunak kontatzeko balio dute. «Ia inoiz ez ditut pertsonaiak bizkarrez marrazten, aurpegien espresioa oso garrantzitsua dela iruditzen zaidalako», azaldu zuen egileak. Berarentzat, gainera, marrazkiak argazkiak baino gehiago esaten du, prozesu mentala eskatzen duelako zerbait irudikatzeko.