GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kurduen benetako eskubideen aldeko aldarrikapena

Parisen gertatutako hiru ekintzaile kurduen hilketa gaitzetsi eta kurdu herriari elkartasuna adierazi zion atzo Gasteizko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren botoekin. Atzoko botazioaren argazkiak, batetik, kurduen -eta herri guztien- askatasun nazionalak aitortu eta horien errespetua eskatzen dutenen eta, bestetik, askatasun horiek -Euskal Herriarenetatik hasita- ukatzeko joera dutenen arteko banaketa islatzen du. Izan ere, PPk eta PSEk adostu zuten zuzenketan, ekintzaile kurduen hilketa arbuiatu zuten, baina gatazka haren konponbide negoziatuaren gaineko azalpenak eta Europar Kontseiluari esku hartzeko eskatzea saihestuz. Beren testuan, halaber, «eskubide politiko eta kulturalak» aitortzeko eskatu zuten, baina ez kurdu herriaren eskubideak, «gutxiengo kurduarenak» baizik, «Turkian dagoen aniztasuna islatzeko». Adierazpen horrek ez du inondik ere eskubide politikorik aitortzen, «gutxiengo kurdua» turkiarra den aurreiritzitik abiatua baita.

Turkiako enbaxada Legebiltzarreko eztabaida hori galarazten saiatu zen, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari gutun bat bidalita, baina Turkiaren presioa talde politikoei eta enpresariei helarazitako gutunen bidez ere nabaritu zen. Hala ere, presio horiek gorabehera, Gasteizko Legebiltzarrak kurdu herriaren eskubideen aldeko aldarrikapen argia egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo