GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Saioa Iraola, Miren Aranguren | Bilgune Feministako kideak

Feministon sokari eutsi, sistema hau eraitsi

Feminismotik jabetza kolektiboan oinarrituta, aberastasunaren eta lanaren banaketa erreala ahalbidetu, botere harremanak gainditu eta pertsonen arteko diferentziak gainbalio gisa hartuko duen bizi eredua sortzen ari gara


Bizi ereduen aldaketa sakonen aurrean gaude, sistema kapitalista patriarkalak bortxaz ekarri gaitu gaur bizi dugun aldaketa honen tenorera. Baina, arauak puskatu eta sortzeko, eraikitzeko, asmatzeko, beldurrari aurre egiteko, komunikatzeko ditugun gaitasunetan sinesteko eta feminismoaren sokari indartsu eutsi eta tiratzeko garaia da. Sokaren bueltan batuz, lortuko baitugu bizi dugun aldaketa hau norabidetzea, bizitzen eta pertsonen mesedetara egongo den jendarte antolaketa baterantz urratsak egitea.

Baina, errealitatea da Euskal Herriko herritarron egoera sozioekonomikoak atzerapauso oso nabariak eman dituela: krisi finantzario edo ekonomiko baten aitzakiapean egundoko murrizketak eragin dituzte langile klasearen (langile oro, izan enplegatua edo ez, kontabilizatua edo ez, barnebiltzen duen langile klaseaz ari gara) bizi baldintzetan zuzenean eragiten duten eremuetan. Hala nola, lan erreformak, Wert-en hezkuntza erreforma atzerakoia, osasungintzan eginiko murrizketak, justizian zenbait esparru pribatizatzeko ahalegina, etxebizitza eskubidearen aurkako urraketak edota pentsioen erreforma.

Zehazki, jendarteak ezartzen dizkigun funtzioak direla-eta, emakumeoi zuzenean eta era lazgarriagoan eragin digute murrizketa hauek: familia esparruan zainketaren arduran zein etxeko lanetan, edota ezkutuko ekonomiaren indartzean esaterako. Inposatutako genero arauen ondorioz, emakumeok, lan merkatuari zein herrien ekonomiari egiten dizkiogun ekarpenak dira hauek. Lan merkatutik kanpo egiterakoan «lan-enplegu» bezala onartzen ez direnez, inoiz ez zaie balio ekonomikorik aitortu edota baloratu ere egin. Eta lan hauek bizitzak sostengatzen eta elikatzen dituzte egunero, bizitza duinak ahalbidetzeko ezinbestekoak izanik.

Egun bizi dugun prekarietateak lan harremanen arloa gainditzen du eta bizitzako arlo guztiei eragiten die, egiturazko fenomeno bat izatera pasaz. Lehen, enplegu prekarioez (baldintza kaskarrak zituzten lanpostuak) hitz egiten genuen, eta egun, bizitza prekarioez hitz egiten dugu. Prekarietatea oinarri duten bizitzak eratzen ari dira sektore kapitalista ultraeskuindarrak martxan dituzten neurri, erreforma eta politiken bitartez. Gobernuen kolo- reek ere inoiz baino esangura txikiagoa dute, ematen baitu denak ados jarri direla krisiaren aitzakiapean garatzen ari diren aldaketa sakonean: ongizate estatuak, orain arte ezagutu ditugun funtzio sozialagoa alde batera utzi eta kapitalaren zerbitzu, erritmo eta bide bakarren mesedera jartzeko hautua egin du berriro ere. Ez da krisi huts bat, orain arte ezagutu ditugun oinarrizko eskubideen urraketa sakona ekarriko duen kapitalismoaren birplanteamendu bat baizik. Ez da krisia, kapitalismo patriarkalaren aurpegi gordinena da!

Honela bada, egoera larri honek herritarrongan beldurra eragiten du, bizi-egoera prekarioak jadanik bizi ditugulako. Eta orain dela urte batzuk gure oinarrizko eskubidetzat genituen horiengatik borrokatzen bagenuen ere, gaur egungo egoerak, sistema honek eskaintzen dizkigun apurrak defendatzera garamatza. Gure ustetan, ezin ditugu gure aldarrikapenak enpleguaren defentsara mugatu. Soldatapeko sistema produktiboaren gaineko hausnarketa sakona egin beharrean gaude, hala nola, jendarteak beharrezkoak dituen lan guztien errekonozimendu eta banaketan sakondu behar dugu. Zelai honek eskaintzen dizkigun joko arauekin aktibatu behar dugu gure borroka, baina eraiki nahi dugun jendarte eredu berria parametro ezberdinetan kokatu nahi dugula ahaztu gabe. Beldurrak, blokeoa sortzen du; baina, emakumeok argi dugu, beldurrarekin hausteko modurik hoberena, bakarrik ez sentitzea dela: elkartzea, eta kolektiboki erantzun eta eraikitzea.

Gainera, Hego Euskal Herrian bereziki eta era nabarmenean, genero arauak ere atzera bidean indartzen ari dira. 2013rako aurrekontuetan, berdintasun politika deritzenetan, Estatu espainiarretik %24ko murrizketak egon ziren. Ipar Euskal Herrian zer esanik ez: benetako berdintasun politikarik ez da oraindaino planteatu eta argi geratzen ari da murrizketa garai honetan ez dagoela arlo honetan ezer gehiago egiteko asmorik.

Beraz, gure denboraz, bizi-uneez, gure produkzioaz, gure zaintzaz, gure gorputz, lan eta desioez erabat jabetu nahi duen sistemaren eta estatuen aurrean gaude. Baina hau sostengatzeko, sistemak gu behar gaituela kontziente egin eta izan behar dugu. Gu gabe kapitalismoa ez delako ezer, patriarkatuak ezingo bailuke biziraun. Inposaketa eta indarkeriaren bidez egoera hau sostengatzera behartzen bagaituzte ere, guk geuk aldaketa hau gure mesedera jartzeko aukeran sinistu behar dugu, inoiz baino ozenago.

Koka gaitezen bereizkeriak eta injustiziak ekidin eta gaindituko dituen marko administratibo propioaren aldeko norabidean, eta ekin diezaiogun bide honetan eredu alternatiboak martxan jartzeari; gure bizitzak, behar eta desioak erdigunean kokatuko dituen bizi eredua sortzeari. Feminismotik jabetza kolektiboan oinarritua, lanaren banaketa erreala eta aberastasunaren banaketa ahalbidetuko duen eta botere harremanak gainditu eta pertsonen arteko diferentziak gainbalio gisa hartuko dituen bizi eredua sortzen ari gara.

Bilgune Feministatik, emakumeon eta herriaren burujabetzaren aldeko apustua eta elkarlanaren aldeko deia egiten dugu. Hala, datozen egunetan, martxoaren 8, 9, 12 eta 16an mugimendu feministatik zein elkarlaneko beste esparruetatik antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten dugu, Euskal Herriaren aldaketa ezinbestean feminista izango dela aldarrikatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo