GARA > Idatzia > Ekonomia

Emakumeen enplegu duinaren alde, larunbatean mobilizatzera deitu dute

Enplegu suntsiketa orokorraren barruan, emakumeek bizi duten egoera larria salatzeko larunbatean enpleguaren alde Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitu dute enpresa eta eremu ezberdinetan lan egiten duten emakumeek.

p028_f01.jpg

GARA |

Enpresa eta eremu ezberdinetan lan egiten duten emakumeek agerraldia egin zuten atzo Bilbon larunbatean enpleguaren alde egingo den manifestazioarekin bat egiteko. Enplegu suntsiketa orokorraren barruan, emakumeen egoera bereziki larria dela salatu zuten, eta horregatik, larunbatean, euren borroka gainontzeko borrokekin bateratu eta bestelako politika batzuk aldarrikatuko dituztela jakinarazi zuten.

Manifestaziora atxikitako langileen artean daude, besteak beste, Aurrerantz, Aztertzen, Laudioko LIDL, Konecta BTO, Ausolan Bizkaia eta Gipuzkoa, Eurest, Sabeco, Baska eta Atxuri-Zabalburuko Championekoak.

Agerraldian adierazi zutenez, industrian ez bezala, non kaleratzeak erregulazio espedienteen bidez egin ohi diren, zerbitzuetan banan-banan kaleratzen dira langileak. Sektore horretan emakumeak nagusitzen direla ohartarazi zuten, eta «modu isilean, inolako oihartzun mediatikorik gabe» lanpostuak suntsitzen ari direla salatu.

«Borrokak kriminalizatu»

Emakumeen gehiengoak saltokietan, garbiketan, egoitzetan edota telemarketinean lan egiten duela azaldu zuten, eta lanpostuen segregazioaren ondorioz, lan baldintzen alde eta kaleratzeen kontra aurrera eramaten dituzten borrokek, gehienetan, oihartzun mediatiko gutxi izaten dutela gaineratu zuten. Ildo horretan, protesta zaratatsuak egitea lortu izan dutenetan «kriminalizatu» egin direla salatu zuten, jantokietako gatazka adibidetzat jarriz.

Horri guztiari, sektore publikoan gertatzen ari den lanpostuen galera gehitu zioten. Bestalde, erabiltzaile gisa, zerbitzu publikoetan eta babes sozialean egondako murrizketek emakume asko lanaldi bikoitzera kondenatu dituztela salatu zuten, zenbait kasutan, lan merkatura sartzeko aukera ezabatuz.

Gizarte eta lan politiketan hartutako neurrien aurrean bestelako eredu bat aldarrikatzeko kalera ateratzera deitu zuten eta Gasteiz zein Iruñeko gobernuen konpromisoa exijitu zuten.

 

tolosaldea

Tolosaldean, Munksjö Paper, Antalis Envelopes Manufacturing, Gamesa Asteasu, Insalus urak, Sode SA, Guibe Tailerrak, Borobil, Lantier, Cadinox, Inoximek eta SAM-eko enpresa batzordeek bat egin dute manifestazioarekin.

agoitz

Agoitzaldea Bizirik plataformak enpleguaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu du. Aurretik, martxa bat egingo dute oinez Agoiztik Iruñera. Eskualdeak langabezia handienetakoa duela salatu zuten, %15eko tasarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo