Aitziber Pz. KARKAMO | Kazetaria
Beste martxoak 8 bat edo martxoak 8 berria?
Denok izango dugu gogoan Jyoti Singh Pandeyren istorioa. Iragan abenduaren 16an etxera ziohala, 6 gizonezkok bahitu eta bortxatu zuten New Delhiko autobusa batean eta handik egun gutxira hil egin zen. Lau haizetara zabaldu zen albistea, baina zoritxarrez, jazotakoa ez da inondik inora berria eta gerora ezagutu dugu, beste askoren artean, bortxatu eta hil duten beste 7 urteko neskato baten kasua ere. Ohikoak dira bortxaketa hauek Indian eta «kulturalki onartuak» direla entzun diogu emakume askori, sexu indarkeria disziplina patriarkala ezartzeko modu bat besterik ez izaki.
Hartaz, albistea ez da gertatutakoa, jazotakoaren kariz piztutako erantzuna baizik. Jyoti Singhen istorioa pizgarria izan da eta indiar gizartearen zenbait sektoretan zerbait aldatzen ari ote den entzuten hasi da. Abendutik hona izandako bortxaketa askoren kontra izandako protestak eta altxatutako jendetzak egin dute berria albistea. Bortxaketa hauen salatzera irtendako ehundaka emakumerekin batera mobilizatu diren indiar gizonek bihurtu dute gertatutakoa albiste eta hargatik eman dio buelta munduari berriak.
Hasi ginenean baino gehiago garela dio Euskal Herriko Koordinadora Feministak biharko egunerako hautatutako leloak. Gero eta gehiago da feminismoa ez dela emakume biologikoen kontua soilik barneratu duen jendea, eta feminismo(ar)en baitan transfeminismora garamatzan eztabaida aberasgarri asko ematen ari da ere.
Ez gara itsutu behar ordea eta begi bistakoa da asko dagoela egiteke. Bihar emakumeon askapenerako nazioarteko eguna da. Beste martxoak 8 bat edo, akaso, martxoak 8 berria.