Iragana, oraina eta etorkizuna kontuan izanda
Lakuako Gobernuko Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiaren Bake planaren proiektua ez da denen gustukoa izango, nonbait. Ezinezkoa da, nonbait, erabateko adostasunak lortzea horren gai korapilatsuaren inguruan. Hala ere, nabarmendu beharra dago Jonan Fernandezek atzo aurkeztu zuen «aurreproiektuaren» zorroztasuna eta gaiari benaz heltzeko borondatea. Aurreproiektu horrek lau atal nagusi ditu: testuingurua, diagnosia, egitasmoaren oinarria eta jarduera lerroak, hiru ardatzek egituratuko dituztenak: iraganak, orainak eta etorkizunak. Orainak normalizazioa behar du, eta etorkizunari begira ere jardun behar da, baina iragana ahaztu gabe; aitzitik, egia, justizia eta erreparazioa ezinbesteko helburuak dira. Azpimarratzekoa da, horren ildotik, planak aurkeztuko duen txostena, azken 50 urteetako giza eskubideen urraketa guztien gainekoa, eta hori funtsezkoa da, horrelako urraketa jasan duen bakar bat ere baztertzea bidegabekeria latza litzatekeelako. Eta, besteak beste, planaren helburuak lortzeko estrategia ere bada nabarmentzekoa. Estrategia hori kontsentsuetara iristera bideratua izango da; hartarako, akordio txikiak proposatzen ditu. Eta kontsentsurik ezean, erabakiak hartzeko eredua nazioarteko estandarrak izatea.
Zaila izango da denen erabat gustukoa izatea, baina denei zabaldutako proposamen zentzuzko eta errealista da, demokrazia printzipioei lotua.