GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJren «eskuin politikei eta murrizketei» aurre egiteko jaio da Sortu Bizkaia

Ezker abertzalearen alderdi berriak Bizkaiko Herrialde Kontseilua aurkeztu zuen atzo, Sestaon, «gure herriko langileriaren bihotz izandakoan». Guztira, hamasei gizon eta hamar emakume, jendearen haserrea «energia iraultzaile eta eraldatzaile bihurtzeko».

p018_f01.jpg

Mikel PASTOR |

Pasa den otsailaren 23an Sortu Iruñean alderdi gisa ofizialki aurkeztu eta gero, Herrialdeetako Kontseiluak martxan dira jada. Lehenbizikoa, Bizkaikoa, 26 kidekoa, 10 emakume eta 16 gizon, EAJk «35 urteetan zehar aplikatutako eskumako ereduari aurre egiteko».

Aurkezpena egiteko Sestao aukeratu zuen alderdi soberanistak. Erabakia ez zen zorizkoa izan. Sortuko kideek adierazi zutenez, Ezkerraldeko hiria «euskal langileriaren erdigune eta sinbolo» izan da urte askotan zehar, eta horregatik aukeratu dute, «langileen, langileriaren eskubideak defendatzera gatozelako, bai orain lanean dauzenenak eta baita, noski, langabezia egoeran aurkitzen direnenak ere», agertu zuen Maribi Ugarteburuk.

Amorotarra bera eta Niko Moreno arduratu ziren arlo sozioekonomikoan oinarritu zen alderdiaren aurkezpen diskurtsoa irakurtzeaz. Elorrioko alkate ohiak bizi garen «krisi sistemikoa» aipatu zuen, eta haren izenean euskal langileria jasotzen ari den kolpe eta murrizketei buruz mintzatu zen.

Morenok independentzia aurkeztu zuen irtenbide bakar gisa: «Espainiak itotzen gaitu. Baina ez bakarrik kulturalki edo linguistikoki, ekonomikoki ere bai». Eredu ekonomiko berri baten beharraz ohartarazi zuen, «gehiengoaren zerbitzura, herriari ahotsa emango diona, demokratikoa, eta ez kale egindako errezeta zaharretan oinarritutakoa».

Langileak, ez politikariak

Maribi Ugarteburuk gaur egungo klase politikoaren egoeraren gaineko hausnarketa egin zuen ekitaldian. Berak azaldu zuenez, «guk militantziatik ulertzen dugu politika. Ez gara kasta politikoa. Gure ideiekin konprometituak gauden langileak gara, ez politikariak, eta austeritatea lehenengo pertsonan biziko dugu».

Ildo horri jarraiki, gizartean sortzen ari den amorrua eta haserrea era zentzudunean bideratu behar dela adierazi zuten bi bozeramaileek. «Sumindura ezin da arlo indibidualean geratu, bakoitzaren barnean. Haserre hori antolatu beharra dago. Eta hori izango da gure helburuetako bat, amorrua iraultzarako eta aldaketarako energia bihurtzea».

Horrek ez du esan nahi ezker abertzaleak amorru horren monopolioa lortzeko helburua duenik. «Ez dugu bide hau bakarrik egin nahi. Borroka erakunde, sindikatu eta alderdi askoren esku geratu behar da. Bizkaiak behar duen aldaketa kaletik etorri da, antolakundeen lanetik», azaldu zuen Maribi Ugarteburuk.

Bizkaiko egoeran arreta jarriz, EAJk 35 urteetan zehar eramandako politika sozial eta ekonomikoak gogor kritikatu zituen Sortuk. Alderdi soberanistaren aburuz, jeltzaleek «eskumako politikak, neoliberalak, hau da, Rajoyk Madriletik agindutakoak, herrialde honetan aplikatu dituzte». Ugarteburuk gaineratu zuenez, «hori horrela izan da beti, baina gauden krisi egoera honetan are lazgarriagoa da jeltzaleen politikak eta lehentasunak zeintzuk diren ikustea».

Bizkaiak aspalditik aplikatzen duen eredua eta Gipuzkoako politika berriak kontrajarri zituzten bi bozeramaileek. Jose Luis Bilbaok zuzentzen duen Diputazioaren murrizketak eta «Gipuzkoako Aldundiak RGI edo egoitzen langileen auzian izandako jarrera» jarri zituzten aurrez aurre. EAJren «ortodoxia liberalaren» aurrean, «diru bilketa justuagoa lortzeko egindako erreforma fiskala» eta «Rajoyren eskemei jarraiki egindako politiken» aurka «burujabetza, subiranotasuna eta justizia soziala».

Ugarteburuk nabarmendu zuenez, «eskuin politika horien kontra gure herrialde eta gizarte eredua defendatu behar dugu. Ez da posible langile borrokaren ikur izan den Sestaon, Ezkerraldean eta Bizkaian eskumako politikak aplikatzea, egoera aldararazi behar da», eta aldaketa hori zuzentzeko Sortu ikusten du lehen lerroan koalizioko kideak: «Bizkaiko eta Euskal Herriko bigarren indar politikoa gara, eta EAJren politika ezgaiaren aurrean benetako alternatiba izan behar gara».

HASERREA

Sortuk adierazi zuenez, gizartean azkenaldian sortutako sumindura, amorrua, «ezin da arlo indibidualean geratu. Antolatu egin behar da, iraultzarako eta aldaketarako energia bilakatu behar da».

SESTAO

Sortuk aurkezpen agerraldia egiteko Ezkerraldeko herria aukeratzea ez zen zorizko erabakia izan. «Euskal langileriaren ikur izan da Sestao, eskubideen defentsaren sinbolo» azaldu zuen Maribi Ugarteburuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo