Hazi egin da Argitan zentrora aholku bila joan den emakume kopurua
Barakaldoko Emakumearen Aholkularitza Zentroak iaz 2011n baino %20 emakume gehiago lagundu zituen, orotara 376. Gehienak dibortzioagatik galdezka joan arren, lan munduak ere arduratzen ditu. Kezken artean langabezia eta laguntza ekonomiko urriak nagusitu ziren.
GARA |
Elkarretaratze, filmen emanaldi, erakusketa eta abarrekin omenduko dute bihar Emakumearen Nazioarteko eguna. Hala ere, herri eta hiri batzuetan orain egun gutxi hasi ziren jardunaldi honi begira antolatutako programazio bereziak.
Hitzordua ere aukera ona da mahai gainean estatistikak jartzeko. Horiek gogorarazten dute oraindik berdintasuna lortzeke dagoela, nahiz eta sexuen arteko desoreka txikitu den.
Argitanek, Barakaldoko Emakumearen Aholkularitza Zentroak, azaldu zuen iaz 376 emakume lagundu zituztela; alegia, aurreko urtean baino %20 gehiago. Asteartean aurkeztu zuten 2012ko balantzearen arabera, kontsulten arrazoi nagusia banaketa edo dibortzioak dira. Gainera, bertaratu zirenen %15ek, hain zuzen, 60 emakumek, tratu txar fisiko edo psikologikoak sufritzen dituztela aitortu zuten.
Lan munduari dagokionez, txostenak jaso du Argitanera jo zutenen erdiak baino gehiago langabezian zeudela une horretan edota pentsio «oso eskasak» jasotzen zituztela, kasu gehienetan alargun izateagatik. Gizarte laguntza bereziak jasotzen dituzten emakumeak ere artatu ditu zentroak, «gehienetan bere ardurapean seme-alabak dituzten emakume bananduak».
Lana zuten emakumeei dagokienez, %46 izan ziren -2011n %38 ziren-. Hala ere, ohartarazi zuten iraupen laburreko lanak direla, ordutegi partzialekin eta «oso soldata baxuekin». Horrek guztiak emakumeen egoera prekarioa areagotu eta pobreziara bultzatzen dituela salatu zuen Argitanek.
Zifra horiek guztiak baliatuta, erakundeei baliabideak indartzeko eskatu zieten -etxebizitzak, haurtzaindegiak, guardia epaitegiak...- gizon eta emakumeen artean izan daitezkeen desorekak murrizteko.
«Lana soberan, enplegu duina faltan» lemapean, Emakumeen Mundu Martxak bihar, 12.00etan, Gasteizko Legebiltzar parean elkarretaratzera deitu du.