Huts Teatroaren «Publikoari gorroto» lanak irabazi du XIII. Donostia Antzerki Saria
GARA | DONOSTIA
Huts Teatro konpainiaren «Publikoari gorroto» antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Sariaren 13. edizioa, atzo prentsaurrekoan iragarri zutenez. Sari banaketa martxoaren 27an egingo dute, 20.00etan, Victoria Eugenia antzokian euskal antzerkiaren galaren baitan.
Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara zinegotziak eta Norka Chiapuso Donostia Kulturako antzerki eta dantza arloko egitarauaren zuzendariak, irabazleak ondoan zituztela, epaimahaiak erabakitakoa ezagutarazi zuten. Honen arabera, Manex Fuchs-ek zuzenduriko lana «ezohikoa, ausarta eta zirikatzailea» da, non Ander Lipus aktorearen lana nabarmentzen den.
Lipus agertokira igotzea erabakitzen duen aktore «indignatu» baten azalean jartzen da. Hain haserre dago, ezen bere antzezlana ikustera joandako bi ikusleak torturatzeari ekiten dion. Bi pertsonaia horiek, Iñaki Ziarrustak eta Miren Trapuk antzeztuak, «txotxongilo» bilakatuko dira protagonistaren amorruaren esanetara. Lipusek bere kideen lana goraipatu zuen.
«Publikoari gorroto»-k antzerkiari buruzko gogoeta bat planteatzen du, aktoreek eta ikusleek betetzen duten rolari buruzkoa, alegia. Obra hau Huts Teatroak antzokietara eraman duen lehenengo lana da eta Xabier Mendigurenek 1985an idatzitako testu bat du oinarrian.
Euskarazko antzezlanak saritzen dituen lehiaketa honi esker, Huts konpainiak Zumetaren litografia bat eta 10.000 euro eskuratuko ditu sari gisara. Horietatik 8.000 sari banaketan eskuratuko dituzte. Gainontzeko 2.000 euroak jasotzeko, 2015. urtea baino lehen euskarazko beste obra bat eskaini beharko du Donostian. Horrez gain, Harri Xuri ekoizpen zentroan bi aste igaro ahal izango du taldeak lan berri bat prestatzeko.