GARA > Idatzia > Kultura

«Punk» eta «txupete», Hiztegi Batuaren bertsio berrian onartuak

Hiztegi Batua eratzeko 2. itzulia amaitutzat eman eta gero, Interneten eskuratu dezakegu ikerketa horren emaitza. Guztira, ia 43.000 forma biltzen ditu hiztegi ortografikoak. Lana horrekin jarraitzeko UZEI zentroarekin lankidetza akordioa hitzartu du Euskaltzaindiak.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren bertsio berritua Interneten dago dagoeneko. Www.euskaltzaindia.net/hiztegibatua webgunean 42.942 forma agertzen dira, Andoni Sagarna eta Miriam Urkia lantaldeko kideek iragarri zutenez.

Hiztegi hau 2009an sortutako Hiztegi Batua 2. itzulia Batzorde Ahaldunduak egindako lanaren emaitza da. Honela, 2000. urtean 1. itzulian aztertutako 20.000 hitzak paperean argitaratu ostean, «Euskaltzaindiaren hiztegia. Adierak eta adibideak» kaleratu zuten, hitzen ortografiaz gain, nola erabili behar diren azaltzeko. Ondoren, beste 20.000 hitz bi liburukitan argitaratu ztituzten 2010ean, baina 2012. urtearen amaieran eman zuten bukatutzat lana.

Denbora tarte horretan adituek lanean jarraitu dute, atzotik aurrera Internetetik jaits dezakegun bertsioa beste 3.271 forma berrirekin hornitzeko. Bigarren itzulia amaitzeko falta ziren sarrera konplexuak izan dituzte kontuan oraingoan, eta moldaketak egin dituzte zenbait sarrera zaharretan. Batez ere, maileguek egin dute nabarmen gora, egungo bizimoduak gidatuta. Adibidez, «iceberg», «webgune» edo «punk» onartu dituzte, baita «txupete» ere. Azken honek, ordea, hegoaldeko marka darama, nazioartekoa ez denez ez dituelako mailegu izateko baldintza minimoak betetzen.

Aurkeztu berri duten hiztegiaren bertsio berri honetako hitzekin adiera eta adibideen hiztegia osatzeko lanean ari da jada Euskaltzaindia, eta espero dute hiruzpalau urtetan prest izatea.

Elkarrekin lanean

Sagarnak azaldu zuen akademia lanean hasi zenean arauak ezagutzen zituztenek gainontzeko hiztunei horien berri ematen zietela. Orain, ordea, lankidetza prozesuei esker, gizartea aztertu eta bertan erabiltzen diren formak zuzenak edo okerrak diren zehazten dute. Lankidetza horien adibide da Euskaltzaindiak UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroarekin duena.

1986az geroztik aritu dira elkarlanean, baina oraingo honetan, harremana sendotzeko, ofiziala egin nahi izan dute bost urteko hitzarmen bat sinatuz. Honela, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jon Etxabe UZEIko presidenteak hartu zuten hitza.

Sinatzaileek azaldutakoaren arabera, hiztegigintzan zein corpusgintzan datza elkarlana. UZEIk teknologia berriez baliatuz informazioa bildu eta aztertu egiten du, eta lexikoaren behatoki bilakatzen da argitalpenetan errepikatzen diren hitzen estatistikak sortzeko. Euskaltzaindiak, ondoren, datu horiek guztiak jaso eta adiera egokiak zeintzuk diren zehazten du. Aurrerantzean lan horrekin jarraituko dute bi erakundeek, ez bakarrik ikerketa sustatzeko.

OINARRIAK

Forma bakoitza erabakitzeko Euskaltzaindiak erabili ohi dituen irizpideak ezagutu nahi dituenak akademiaren webgunean aurki ditzake, Hiztegi Batu Oinarriduna - HBO izeneko atalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo