GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» | Musikaria

Zaleak ala erosleak

 

Musikazale konpultsiboa naizen aldetik esan dezaket musikaren industria hamaika modutan saiatu dela erosle isil, bide bakarreko entzule, lelo errepikatzaile erabilgarria, bihurtzen. Badirudi, ordea, ez duela erabat lortu, uste dut nire (eta beste askoren) zaletasuna, egoskorregia, intimoegia, ezkutuegia gertatu zaiola musika industriari. Horregatik ez gara bihurtu kontsumitzaile huts, nahiz eta patrikak ederki hustu industria berekoi eta zekenaren mesedetan.

Geu, musikazaleak, ez gara sekula izan haien helburu nagusia; geu kantu on baten truke, bizitza deabruari saltzeko ere prest prest egon gaitezkeen leloak koartada bat baino ez gara izan. Krudela izan arren, gameluak junkiearekin nola, horrelaxe jokatu du industriak gurekin. Orain arte.

Mendekua iritsi da. Orain zale izan gaitezke erosle izan gabe, iraultza, industria dardaran jarri duen ekaitza gertatu da; zaleok ez badugu erosten zer eskatu beherapenen oihanean ohitutako erosle hutsari? Ezer gutxi, agi denez. Kaltetuenak, jakina, langileak eta musikariak. Birmoldaketa basatia gertatzen ari da, ez eduki zalantzarik, baina, era berean oso garai onak dira musikazaleontzat, inoizko onenak. Baina, ez ahaztu, neu ere banaiz musikaria.

Horregatik, musikari pobrea naizen aldetik, etorkizuna irudikatzen hasi naizenean, ezer baino lehen galdera egin diot ene buruari «zer nahiago dituzu, zaleak ala erosleak?», ariketa oso sinplea da, erantzuna erraza, azterketa sakon eta filosofikoetatik urruti, zaleak ala erosleak, hortxe gakoa. Biak batera ez bada posible eta bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke zuk; zalea ala eroslea? Neuk erantzun dut, hortxe dago edonoren eskura nire erantzuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo