Tradizioa eta lirika, kantu herrikoiei egindako «Begirada bi» diskoan
A. ARRUTI | DONOSTIA
Tomas Garbizuren «Donostiko kantu zarrak» liburu mardula 1971n argitaratu zuen Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak. Liburu hura oinarri hartuta eta kantu herrikoiak alderdi lirikora ekarrita, «Begirada bi - Dos miradas» diskoa osatu dute orain Iñaki Salvador piano-jotzaileak, Olatz Saitua sopranoak eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak. «Garbizuren konponketak eta nireak daude, bionak baina ez nahastuta, baina kantu herrikoiei begira gelditzen gara, ez niri edo Garbizuri, hortik diskoaren izenburua», azaldu zuen Salvadorrek.
Liburuan ehundik gora kantu biltzen ziren eta diskorako 23 aukeratu dituzte. Tartean dira «Donostiako hiru damatxo», «Kaia barrenean» edo «Itsasoa laino dago». Saituak edo Zubillagak bakarka edo biek batera abestuta. «Goizeko izarra»-ren hiru bertsio instrumental ere sartu dituzte.
Salvadorrentzat bere iragan emozional eta musikalarekiko konexioa izan da disko hau egitea. «Lan honek modu oso naturalean lotzen nau egungo euskal kantuarekin eta tradiziozkoarekin. Oso identifikatuta sentitzen naiz, adibidez, Mikel Laboarekin; errespetu handia zion tradizioari, baina konpromiso handia modernitatearekin ere». Horregatik, jazz eta pop ukituak ere aurki daitezke.
Kantuen hitzaurrea eta gaztelaniazko itzulpena, bestalde, Anjel Lertxundik egin du. Diskoaren aurkezpena larunbat honetan egingo dute, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramonen duen egoitzan, diskoa grabatu duten tokian, hain zuzen. 11.00etan hasiko da emanaldia.