GARA > Idatzia > Mundua

Bersanik Italiako gobernua oinarritzeko zortzi puntuko programa aurkeztu du

Italiako Alderdi Demokratikoko buruak, Pierluigi Bersanik, hauteskundeetan irabazle izan zenak, «aldaketarako zortzi puntuak» aurkeztu ditu, gobernua osatzeko eskubidea aldarrikatuz. Programa horrekin Beppe Grilloren 5 Izar Mugimendua limurtu nahi izatea ukatu du.

GARA |

«Oinarrizko programa baten inguruan aldaketarako gobernua proposatzeko prest gaude», adierazi zuen atzo Pierluigi Bersani Alderdi Demokratikoko buruak talde honen zuzendaritzak emango dituen urratsak erabakitzeko bileran.

Zortzi puntu jasotzen dituen programa honek «politikaren eta iritzi publikoaren artean dauden muga nagusiak kentzeko eta premiazko gizarte-erreformak martxan jartzeko helburua du». Bersaniren arabera, «beste alderdiek ezin dute gobernatzeko ezer hoberik eskaini, ez dutelako asmorik ezta zenbakirik ere».

Parlamentura eramango duen programa honen lehenengo puntua herria «estura kartzelatik ateratzea» izango da. Besteak beste, «IMUren berrikuspenaren eta birbanaketaren bidez», Mario Montik ezarri zuen ondasunaren gaineko zergarena, alegia. Halaber, lan eta gizarte arloetan premiazko neurriak iragarri ditu. Politika eta bizitza publikoko erreforma suspertzeko, parlamentarien kopurua murriztu eta euren soldatak jaitsi nahi du Bersanik. Aldi berean, probintziak kentzeko eta alderdien legea eta hauteskunde legea berritzeko asmoa du.

Bestalde, ustelkeriaren aurkako eta interes gatazkari buruzko lege bat egin nahi du, enpresa-inperioa duenak politikan kargu bat izatea galerazteko.

Ekonomia arloan «ekonomia berdea» eta «garapen iraunkorraren» alde lan egingo duela aldarrikatu du.

Zazpigarren puntuan «herritartasun eskubideei eta ezkontza zibiliei buruzko lehenengo arauak» iragarri zituen, sexu bereko ezkontzari atea irekiz. Azken atalean «hezkuntza eta ikerketa» izango da. «Horixe da gure proposamena, orain bakoitzak herriaren aurrean bere erantzukizuna bere gain hartu behar du», azpimarratu zuen Bersanik, batez ere 5 Izar Mugimenduari (M5S) eta Montiren taldeari zuzenduz.

Grillo limurtu

Hala ere, Alderdi Demokratikoko buruak ukatu egin zuen programa horrekin «Beppe Grillo limurtu nahi izatea». «Bere planteamenduaren barru-barruan zer dagoen ulertu» nahi duela azaldu zuen, «sistema jokoan egoten hasi delako». Grilloren M5S hirugarren indarra izan zen hauteskundeetan. «Zortzi milioi hautesleen babesa izan duenak eta bide parlamentarioa aukeratu duenak boto horiekin Italiaren alde zer egin nahi duen esan beharko du», adierazi zuen.

«Oker dabil tiro egiteko helburu erraza edo sistema politikoaren suntsipena bilatzen badu», gaineratu zuen.

berlusconiri ezetz

Bersanik Silvio Berlusconirekin koalizio gobernua osatzeari uko egiten diola errepikatu zuen. «Gobernagarritasuna ez da soilik Parlamentuko eserlekuekin lortzen, baizik eta gizartearekiko benetako harremanarekin. Gaurko ekaitza ekarri digun haizea eragin duenarekin lan egitea ezinezkoa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo