GARA > Idatzia > Kultura

Atzerrira joan direnen gatazka pertsonalak ditu aztergai «Txartel bat (des)herrira» nobelak

p053_f02.jpg

N.B. | DONOSTIA

Peru eta Ibai, arrazoi desberdinengatik Londresen bizi diren bi euskaldun, dira Garazi Goiaren liburu berriko protagonistak. «Txartel bat (des)herrira» (Elkar) eleberria ihesi dabiltzanen istorioa da azken batean, tartean iragana eta oraina, maitasuna eta damua nahasten direla.

Londresen bizi da Goia, bertan deskubritu zuen nobela honen oinarrirako istorioa eta bertatik idatzi zuen ere. Estatu espainoleko Gerra Zibilean gurasoek Britainia Handira bidali zuten Peru, beste euskal haur ugarirekin batera, gertatzen ari ziren sarraskietatik salbatzeko. Bera ez zen inoiz etxera itzuli, beste 250 haur bezala.

Ibai, ordea, iraganean egin zuen zerbaitengatik damutu eta Londresera joan zen, lotsatzen duen horretatik ihesean. Biak bizi dira zenbait galderari erantzuna eman ezinik, eta elkar ezagutzen dutenean, oso adin desberdinekoak diren arren, lagunak egiten dira. Biekin batera, ohetik mugitu ezinik dagoen Ibairen neska lagunak, Maialenek, eta honen ahizpak, Sarak, ematen diote kutsu femeninoa istorioari.

Nobelak lau zati ditu, pasarte bat pertsonaia bakoitzeko. Ildo nagusiak Londresen dauden bi gizonengana bideratzen bagaitu ere. Maialenek idatzitako egunerokoari esker, Sarak irakurtzen duenean, Ibairen izaeraren berri dugu, eta deserrira zergatik joan den ulertzeko gakoak ematen dizkigu.

Identitaterik gabe

Gerrako haurren istorioa ezagutzeko hori bizi zuten hamar pertsonarekin jarri zen harremanetan. Beraiek kontatutako esperientziekin sortu zuen Peru pertsonaia; beraz, Peru ez da existitzen, «Peru asko» baizik. Duela 75 urte baino gehiago etxetik alde egin behar izan zuten horiek komunean duten sentimendu bat da identitate falta, inongoak ez direla sentitzen dutela. Hori izango da Peruk duen kezka nagusia ere, herrian edo deserrian dagoen, eta ideia horretatik abiatu da nobelari izenburua jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo