GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KORRIKA 18

Euskara ematen duen esku bakoitzak du historia

Ostegunean hasi eta hamaika egunean, Andoaindik atera eta Baionara iritsiko da euskararen lekukoa eskuz esku. Euskal Herri osoan gauzatuko da hala «Eman euskara elkarri» leloa. Kanpainaren sortzaileek beren lana kontatu digute, eta historia eder bat lemarekin lotuta.
di-da.com
joseba.co.uk

p008_f01.jpg

Hainbat elementu nahasten dira mosaiko handi batean, aurten 2.587 kilometro izanen dituen lasterketarekin lotuak denak: lekukoa, ezpainak, aurpegi alaiak eta zabal-zabalik dauden begiak, furgoneta, errepidea, euria, etxeak, lainoak eta eguzkia... Guztien artean bat nabarmentzen da: eskua. AEK-k euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gako dela adierazi nahi duelako 18. Korrikan. Euskara eskuaren lekuan jarri dute «Eman euskara elkarri» lelo adierazgarrian, eta nazio osoa hartzen duen euskararen aldeko ekintza erraldoiarekin bat datorren irudi bizi, baikor eta koloretsuaz jantzi dituzte hitz horiek.

Di-da balio sozialen komunikazioan ardaztutako branding eta publizitate agentzian, talde lanean garatu dute aurtengo marka. Hor sartzen dira logotipoa, ilustrazioa, leloa, kartelak... Gotzon Garaizabalek egin du marrazkia, Joseba Attardek logoa eta Nagore Txintxurretak kanpainaren garapena. Duela bi urteko kanpaina ere Abadiñoko enpresa honetan diseinatu zuten. Attardek kontatu digu berak, kanpoko ikuspegitik -ingelesa da-, euskara maite eta hitz egiten duenari nola deitzen zaion galdetu ziela lankideei. «Euskaldun» erantzun zioten berehala. «Baina agian euskaldunak ez du euskara egunero erabiltzen eta ez du maite», zehaztu zuen Attardek. Eta hitz berri bat sortu zuten, geroztik sarri aditu dugun «euskalakari».

Aurtengo leloarekin, gaurko egoera soziopolitikoari keinu bat egiten diote Di-dako diseinatzaile eta «berbaginek», hizkuntza zerbitzua ere badutelako. Bertan lan egiten du, bertzeak bertze, Igor Elortza bertsolariak.

«Eman euskara elkarri». Pertsona batek bertzeari pasatzen dio lekukoa, euskara, eta eskuen joko hori indartu nahi izan dute. Marrazkitik eskuak atera eta logotipo bat sortu dute, AEK-koek eskatu bezala, ofizial samarra, itxura seriokoa, zuri-beltzean, zazpi kolore erabiliz osatutako marrazki alaiarekin kontrastea eginez. Oroitu behar da Unesco Etxeak Bilbon duen egoitzan aurkeztu zutela Korrika 18 joan den azaroan, «hau ez da kaleko ekitaldi bat bakarrik, kulturara eta jendearen bihotzera doa» adieraziz.

Logoa baino gehiago egiten dutela argitu du Attardek: «Beste ikuspegi bat erakutsi nahi dugu, adibidez, lan egoerari begiratzeko. Orain, krisian, lehenengo kentzen dena iragarkiak dira, baina guk sinesten dugu lehenengo inbertitu beharreko gauza dela marketina. Hori erakustea erronka dugu».

Joseba Attardengan bat egiten dute Korrikaren ezaugarri anitzek: alde batetik, markaren diseinua egin duen pertsonetako bat da. Omendua ere bada, euskara ikaslea delako -ikasle izana erran beharko genuke zehatzago, jada primeran egiten duelako. Ingalaterrakoa izan arren, bertakoa dirudi!-. Eta gainera, leloak dioen bezala, bere alabari ari zaio euskara ematen. «Garai batean esan izan balidate, ez nuen sinetsiko! Ideala izango zen niretzat. Gauza guztiak lotzen dira eta oso polita da».

Joseba Attarden historia berezia

Joseba Attardek 33 urte ditu eta Elorrion bizi da emaztearekin eta Nahia 17 hilabeteko alabarekin. Emaztea, Joana, Ingalaterrakoa da, bera bezala. Cheltenham herrian jaio zen Joseba. Bere aita artzaina zen; mila ardi ere zaindu zituen, eta eskolaz eskola nekazaritza klaseak ematen hasi zenean, familia osoa mugitzen zen. Ingalaterran zehar, hamar etxe aldaketa baino gehiago egin zituzten. Distantzia handiak ziren, Bilbotik Bartzelonara adinakoak adibidez, eta dena aldatzen zen semearentzat: eskola, lagunak... 18 urterekin, unibertsitatean sartzean, herrialdearen hego-mendebaldera joan ziren bizitzera eta han egon zen Joseba ia hamar urtean, Devon herrialdean. Hori dute lotura Ingalaterrarekin eta bertara joaten dira oporretan, Exeter hirira.

«Aita erdi Ingalaterrakoa erdi Maltakoa dut; ama, aldiz, euskalduna. 21 urterekin joan zen Ingalaterrara ingelesa ikastera eta han gelditu zen 35 urtez. Arreba eta anaia ditut. Anaiak Down sindromea du eta Elorrion bizi da gurasoekin. Erretiratu zirenean etorri ziren hona bizitzera».

Haurra zela hainbeste mugitzen zirenez, jendeak nongoa zen galdetzen zionean Josebak ez zuen jakiten zer erantzun eta Elorriokoa zela erraten zuen. «Loturak nituen hainbat herrirekin, baina handiena, Euskal Herriarekin. Beti etorri izan naiz oporretan, amuma-aititengana, izekoengana. Gustatzen zitzaidan eta udan, Gabonetan, Aste Santuan etortzen nintzen, askotan bakarrik». Behin, Londresetik Donostiara etorri zen autobusez arrebarekin. Hain txikiak ziren gurasoek geltokian utzi, eta paper bat sinatu zutela bidaiatzeko baimena emanez. «Kalean, frontoian jolasten, lagunak egiten ibiltzen nintzen. Lotura handia eta polita egin nuen hemengo jende eta kulturagaz. Erdaraz ikasten hasi nintzen kalean, zoritxarrez jendeak hala egiten zuelako kalean, eta hala ikasi nuen gaztelania, poliki-poliki. Baina euskara ez».

Ama 12 urterekin Tolosara (Estatu frantsesa) joan zen eskolara eta ordura arte bakarrik egin zuen euskaraz. Gero, Ingalaterrara bidaiatu eta ahantzi egin zuen, baina berreskuratu egin du eta orain primeran egiten du. Txikiak zirela, «etorri hona», «ez gaiztoa izan» eta halakoak erraten zizkien seme-alabei, baina gurasoak beren artean ingelesez aritzen ziren eta umeek ez zuten euskara ikasi. Joseba konturatzen zen Ingalaterrako lagunei Athleticekoa eta Elorriokoa zela errateko euskaraz ikasi behar zuela. «15 urtegaz-edo ohartu nintzen hemen bazegoela beste hizkuntza bat eta herriak nortasuna batez ere hizkuntzan daukala, hori dela bere iturria. Ordutik gogoa eduki nuen euskara ikasteko egun batez».

Unibertsitatean Geografia ikasi eta lan bila hasi zen. Musika talde batean jotzen zuen eta bertako kartelak egiten zituen. Diseinatzaile gazteen iragarki bat ikusi, elkarrizketa egin eta diseinuen munduan sartu zen 2002an. 2005ean free lance moduan hasi zen lanean, etxetik, eta orduan pentsatu zuen Euskal Herrira etortzea euskara ikastera. Hemengo enpresetan curriculumak bota eta 2006an etorri zen. Di-dan hasi zen. «Elkarte bat da Di-da eta bi arlo edo helburu ditu: alde batetik, enpresa bat da eta dirua irabazi nahi du, eta bestetik, euskara defendatzen du. Lankideek esan zidaten hemen lan egitekotan euskara ikasi behar nuela. Ados nengoen».

Durangoko AEKn eman zituen bederatzi hilabete eta lankideekin eta lagunekin solasean ikasi du. Zein ongi mintzatzen den adituta, pentsa daiteke hagitz azkar ikasi duela. Jarri duen gogo izugarria izan daiteke horren sekretua. «Benetan gura baduzu ikasiko duzula sinesten dut. Bada beste arrazoi bat: arrebak Ingalaterran gelditzea erabaki du, anaiak ez du umerik izango eta ez dut lehengusurik. Hortaz, familian euskarari jarraipena emateko erronka nuen. Aitite-amumak oso euskaldunak ziren eta hori txikitatik ikusi nuen». Orain, helburu bat betetzen ari da alabari euskara irakatsiz.

Maider IANTZI

kilometro

eginen ditu euskararen aldeko lasterketak martxoaren 14tik 24ra, Andoaindik Baionara Euskal Herri osotik barna pasatuz

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo