GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

BERRIA Fabio Gonzalez 2007/3/7

Amets bat izan zuen

(...) Chavez ez da beste presidente bat izan Venezuelako historian. Atzoko funeralak argi erakutsi zuen presidente ohiak herriarekiko zuen lotura emozionala eta inplikazio maila. Atzera bota behar da begirada Barinas estatuko seme kutunak izan duen eragin homologagarria aurkitzeko, Simon Bolivar Kolonbia Handiko I. presidentearekin. Duela ez asko, Carlos Andres Perez ere halako ibilbide epikoa lortzen saiatu zen, baina bere esperientzia ez zen ondo bukatu. Chavez, gainera, garaiezina izan zen bizirik egon zen bitartean, Henrique Capriles Radonskik hori ongi daki.

Kanpotik, Venezuelan zer gertatu den azken 14 urteotan ezin da ulertu, ez ezkerreko ezta eskuineko ikuspegitik. Hugo Chavezekin gauza bera gertatzen da: aldeko eta kontrako pasioak beroegi daude oraindik ere.

Baina bere herriak ondo ezagutzen du. Chavez, momentu sozioekonomiko txarrenetan estatu-kolpe bat ematen saiatu zena; Chavez, kartzelara joan zena; Chavez, 1998an izugarrizko kanpaina egin eta hauteskundeak irabazi zituena; Chavez, gutxien zeukatenei misio sozialak eta nortasuna eman zizkiena; Chavez, klase ertainaren mesfidantza eta oposizioa jaso zuena. Eta Chavez, bolibartarra, sozialista, iraultzailea, humanista.

Venezuelan askok -gehienek- babestu zuten bere liderrak bultzatutako prozesu soziala, ekonomikoa, politikoa, ideologikoa eta internazionala. Chavezengan sinesten zuten. Bestalde, beste askok ez zituzten bere bizimoduak aldatu nahi izan proiektu baten izenean, hasieratik.

Azken denboraldi honetan, irakurketa aspirazionala zutenak ikuspegi horri gehitu zitzaizkion: gehiago nahi zuten. Edonola ere, alde batekoek zein bestekoek, Chavezen inguruan zentzua eman zieten euren buruei. 2013ko martxoaren 5ean, belaunaldi oso batek iparrorratza galdu egin du.

Venezuelarentzako, Latinoamerikarentzat amets bat zuen Chavezek. Azkenean ez du beteta ikusi izan, zeregina bukatu barik geratu da. Orain, beste batek lekukoa hartu beharko du. Edo agian ez, hori da heriotzaren gordintasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo