«Euskaldunak gara eta sentimendu horren irudi dugu ikurrina»
Madriletik etengabe heltzen dira Euskal Herriko udal eta gainontzeko erakundeetara bandera espainolak jartzeko aginduak. Egoera horri manifestazio batekin erantzun zioten atzo Tolosaldean, «probokazio eta inposizioen aurrean geurea dena defendatuko dugu» ohartaraziz.GARA |
Madriletik heldutako aginduen ondorioz, Euskal Herriko hainbat udal bandera espainola jartzera derrigortuta izaten ari dira. Neurri horrekiko sentitzen duten erabateko desadostasuna adierazteko, atzo Tolosaldeko 28 alkate eta zinegotzik deitutako manifestazioa burutu zen Tolosan, «Geurea ikurrina» lemapean.
Ikurrin erraldoi batek ireki zuen martxa, baina neurri txikiagoko dozenaka gehiago ikusi ziren airean dantzan. Ibai Iriarte Tolosako alkateren iritziz, «bandera espainiarra jartzearen obligazioa ez da hori besterik, probokazio bat, eraso bat, inposizio bat».
Eta zentzu horretan, gogor kritikatu zuen bai Carlos Urquijo Estatu espainoleko gobernu ordezkaria bai erakutsi duen jarrera. Honi ohartarazi zion hartu duen bideak ez diola fruiturik emango. «Legea izango duzue alde, ez ordea herria; legalitatea zuekin duzue, ez ordea legitimitatea -esan zuen-. Eta herri batentzako legitimoak ez diren legeak, inposatuta ezartzen dira, eta, ondorioz, zuen boterea auzitan jartzen da».
Euskaldunak izatearen sentimendua ikurrinak laburbiltzen duela iritzita, Madriletik datozen neurrien aurrean «geurea dena» defendatzeko prest daudela adierazi zuten hautetsiek. «Geure sinboloa ikurrina da eta geure herriak Euskal Herria du izena», esan zuen Iriartek.
Estatu espainolean «urduri» daudela esan zuten Tolosan. Hain zuzen, urduritasunetik «probokaziora» jo dutela salatu zuten. «Probokatu nahi gaituzte, ez jartzera bultzatu; geure artean kontraesanak eta liskarrak sortu nahi dituzte. Jakin dezatela -erantsi zuen-, eraso hauen bidez gure askatasun nahia indartzen dutela, Espainia izeneko beraien proiektuak, guri errepresioa, inposizioa, miseria, ustekeria eta azken finean negu hotza besterik ez digula eskaintzen. Eta guk, koloretako etorkizuna nahi dugu, argia, pertsonen eta herrien eskubideak errespetatuko dituena».
Herriari galdetzeko beldurra
Bai Euskal Herriari ekimenetik ere «inposizioa» izan zuen hizpide Iñaki Aristetak. «Hiru milioi euskal herritarrok osatzen dugun nazioak Euskal Herria du izena du. 21.000 kilometro koadroren barnean bizi gara, nahiz eta bi estatutan eta lau zatitan banatzen gaituzten. Ez gaituzte ulertzen, baina gure izate eta nortasuna ezabatzeko helburuari eusten diote, oso modu eta era ezberdinetan tratatzen gaituzten arren».
Estatu espainolak herriari bere etorkizunaz galdetzeko duen beldurraz ere mintzatu zen. «Espainiarrek diote euskaldun eta espainiar izan gaitezkeela (...). Izan al daiteke inor demokrata nazio bati bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatuz? Nazio hori aitortu gabe?», galdegin zuen. Hain zuzen ere, galdera hori «euskal erakundeetan espainiar bandera jartzera derrigortzen dutenek» erantzun behar dutela gaineratu zuen.
«Ikurrinak Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen duen bitartean, espainiar banderak, inposizioa, errepresioa eta erabakitzeko dugun eskubidearen ukazioa barnebiltzen ditu. Hego Euskal Herrian, bandera espainiarra da gatazka eta talka sortzaile den ikurra», gehitu zuen.
Azkenik, euskal herritarroi inork ezer oparituko ez digula ohartarazi ostean, «etxetik hasi eta kaleraino, Aturritik hasi eta Ebroraino» herriaren aitortzaren alde borrokatzera deitu zuen.
Egunerokoan ikurrinarekin erantzuteko eskatu zuten atzoko manifestazioa deitu zuten hautetsiek, bandera espainolari aurre egiteko modurik onena dela iritzita. «Eraso honi herri moduan erantzungo diogu», esan zuen Ibai Iriarte Tolosako alkateak. Leihoetatik ikurrinak zintzilikatu izana eskertu zuen Iriartek, eta, bide batez, herritarrak aurrerantzean martxan jarriko diren ekimenetan parte hartzera deitu zituen.
Bai Euskal Herriari ekimenetik ere berdina egiteko gonbidapena luzatu zuten, «jaietan, Aberri Egunean, mendi irteeretan, eta, nola ez, gure udaletan espainiar bandera inposatzen dutenean». GARA
«Irabazten dugunean, -esan zuen Iñaki Aristetak-, Euskal Herrian zintzilikatuko diren espainiar bandera bakarrak irekitzen utziko dizkiegun enbaxadetanaurkituko ditugu»