GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Marije Fullaondo, Karmele Aierbe Sortu-ko kideak

Eman lekukoa elkarri, eman etorkizuna euskarari

Euskararen aldeko lanean garai berria abiatu beharra dago, aldaketa gauzatzeko tenorea iritsi da eta honen muina euskaraz bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak eskuratzean datza

Euskal Herriarekin batera, euskara ere garai erabakigarrian aurkitzen da. Euskarak ere aldaketa garaia bizi du. Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua bidegurutzean aurkitzen da. Aldaketa hau norabide egokian egingo dela ziurtatzea euskaldunon esku dago; euskarari eta, ondorioz, Euskal Herriari, etorkizuna ziurtatuko dion marko demokratikoa eskuratzea.

Azken hamarkadetan, hilzorian zegoen euskarari hauspoa eman eta neurri bateko berreskurapena (ez bere lurralde osoan ezta funtzio guztietan ere) lortu da herritarren, euskalgintzaren eta eragile batzuen ekimenez. Baina indarrean dauden marko juridiko-politikoen araberako euskararen berreskurapen-lanak berea eman du. Euskaltzaleon ekimenez adierazle bat edo beste hobetu dezakegu, euskara neurri mugatu batean zabaltzen jarraituko dugu (egunez egun egiten jarraitu beharreko lana). Baina ez da nahikoa. Bide honetatik ez diogu euskarari etorkizuna ziurtatuko.

Euskararen aldeko lanean garai berria abiatu beharra dago. Euskalgintzak eta euskaltzaleok urteetan aldarrikatu dugun aldaketa gauzatzeko tenorea iritsi da. Baina aldaketa hau ezin da edozein modukoa izan. Sektore erregionalistek aldaketa-premia hau indarrean dauden mendeko hizkuntza-politikak berritzeko baliatu nahi dute, azala aldatu muina bere horretan uzteko; herritarren gogoari eta euskararen beharrei iruzur berria eginez.

Aldaketa horren muina euskaraz bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak eskuratzean datza. Horien artean, euskarari izaera ofizial osoa eta erreala onartuko dion estatus juridiko berria aurkitzen da. Ofizialtasun onarpen honek euskara Euskal Herriko hizkuntza nazional, berezkoa eta lehentasunezkoa izendatuko du; eta, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatuko ditu. Bide honetatik hizkuntza-politika eragingarria aplikatzeko aukerari ateak irekiko zaizkio. Eta hau Euskal Herriko biztanleok askatasunez egin ahal izan dezagun, ezinbestekoa da inolako kanpo esku-hartzerik ez egotea; hizkuntza-politika burujabeki diseinatu eta aplikatu ahal izatea.

Makina bat lan daukagu egiteko Euskal Herria euskalduntze bidean. Bide horretan herritar guztiok dugu geure tokia eta egitekoa, guztion zeregina baita euskararen berreskurapena eta normalizazioa. Beste behin gure herriaren txoko guztiak zeharkatuko dituen Korrikaren atarian, aipamen berezia egin nahi diogu hamarkadetan helduen euskalduntze eta alfabetatzean lan nekaezina egiten ari diren eragileei. Sektore honek urteak daramatza Euskal Herri euskalduna lortzeko ahaleginean; euskararen ezagutza unibertsalizatzeko ezinbestekoa den heldu guztien euskalduntzea iparrorratz izanik. Horri dagokion tamainako errekonozimendua zor zaio. Korrikaren bidez herriak berak onartzen du AEKren eta orokorrean helduen euskalduntzean diharduten eragileen lana, babesa eta laguntza eskainiz.

Aurtengo Korrikaren lemak, «Eman euskara elkarri», argi adierazten du hizkuntzaren izaera kolektiboa. Euskara herritarrok elkarri ematen ez badiogu, euskaraz hitz egiten ez badugu, hizkuntza hila izango da. Baina, neurri berean, egun ez dakitenei euskara ematen ez badiegu, eta, gure ondorengo belaunaldiei euskara ematen ez badiegu, euskarak ez du etorkizunik izango. Eta euskararekin batera Euskal Herria desagertu egingo da. Hau ez gertatzea gure esku dago. Eman diezaiogun euskara elkarri. Herriz herri indartu dezagun euskalgintza, herriz herri indarrak metatu ditzagun euskararen aldeko bilguneak sortuz, auzolanean euskarari bide berriak eskainiz. Herri eskaerari erantzunez, eskumena dugunok hizkuntza-politika berri eragingarria indarrean jar dezagun ere. Denon artean eman diezaiogun euskarari etorkizuna! Eman diezaiogun euskara Euskal Herriari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo