LABek eredu politiko, ekonomiko eta soziala eraldatu nahi du Nafarroan
Nafarroako LABek indarrean dagoen eredu politiko, ekonomiko eta sozialarekiko «haustura demokratikoa» aldarrikatu eta Barcinaren dimisioa eskatu zuen atzo. Langabezia, pribatizazioak eta ustelkeriaren aurrean mobilizaziora deitu zuen, «greba orokorra baztertu gabe».
GARA | IRUÑEA
LAB sindikatuko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Iruñean, egun Nafarroan bizi den egoeraren irakurketa egiteko. Igor Arroyo bozeramaileak salatu zuenez, «gero eta jende gehiago ohartzen ari da langileoi murrizketak ezarri zizkigun kasta politikoa gure kontura aberasten egon dela».
Alde batetik, herrialde honek dituen 56.000 langabeak aipatu zituen, horietariko 11.000 inolako diru-sarrerarik gabe. Bestetik, langileek pairatzen dituzten lan erreformaren ondorioak ere nabarmendu zituen, hauen artean lan erregulazio espedienteen bikoizketa. Era berean, zerbitzu publikoen eraisketa ere salatu zuen, Osasungintzan eta Hezkuntzan jadanik 2.400 lanpostu suntsitu dituena. Horrekin batera, Caja Navarrako «eskandalua» ere aipatu zuen, agerian utzi duelako UPN, PP eta PSN alderdientzat «politikariaren ogibidea aberasteko bidea baino ez dela».
LABen iritziz, «orain langileria ekintzetara pasa behar da, krisi politikoa faltsuan itxi dadin eragozteko. Ezin dugu onartu aurpegi aldaketa hutsa. Ez da sistema berritu behar, eraldatu baizik», esan zuen.
Ildo honetan, Nafarroak bizi duen krisi politiko eta sozialaren irtenbidea hiru erabakitan oinarritu zuen Arroyok: «Barcinaren Gobernuaren dimisioa eta hauteskunde berriak, Nafarroako Kutxa eta bestelako instituzioetan egondako arpilaketa sakon ikertu eta erantzukizunen argitzea eta, horrekin batera, Nafarroan indarrean egon den eta gutxiengo bat gehiengo langilearen kontura aberastea ahalbidetu duen eredu politiko, ekonomiko eta sozialarekiko haustura demokratikoa».
Nafarroaren etorkizun politiko, ekonomiko eta sozialaren inguruko eztabaida demokratikoa «lehenbailehen» ireki beharra dagoela nabarmendu zuen, «non herritarrek izango duten hitza eta erabakia. Finean, amildegiaren ertzera ekarri gaituen eredua eraldatu eta eredu berri bat demokratikoki eraiki beharra dago», azaldu zuen.
Eredu berri horren helburuak «gardentasuna, erabakitzeko eskubidea eta aldaketa soziala» lirateke, langileen oinarrizko eskubideak bermatu ahal izateko, «hots, enplegu duina, pentsioa, babes soziala, etxebizitza eta zerbitzu publikoak denontzat».
Horregatik, mobilizaziorako deia egin zuen LABeko bozeramaileak. «Tresna guztiekin kalera irteteko garaia da, greba orokorraren aukera baztertu gabe».
Igor Arroyok adierazi zuenez, «lehenbailehen ireki beharra dago Nafarroaren etorkizun politiko, ekonomiko eta sozialaren inguruko eztabaida demokratikoa, non herritarrek izango duten hitza eta erabakia».