GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Konponbideari buruzko eztabaida heldu eta irekia

ETAren jardun armatuaren bukaeraren edo Sortu legeztatu ondoren aurrerapen nabarmenik gertatu ez izanak bultzatu zituen Bake Bidea Ipar Euskal Herriko gizarte plataforma eta Lokarri gaur Iruñean eta bihar Bilbon izango den Foro Soziala antolatzera. Prozesuari bultzada emateko ideia berriak behar direla ondorioztatu zuten, baita irtenbideak aurkitzeko gizartearen parte-hartzea ezinbestekoa dela ere. Ekimenak hainbat eragileren atxikimendua jaso zuen, eta aldarrikatzen duen herri parte-hartzeak ere isla izango du, bertan jorratuko dituzten gaien gaineko 400etik gora ekarpenen bidez. Foroan bertatik bertara parte hartzeko tokiak beteta daude, eta lagun askok kanpoan geratu beharko dute, leku falta dela-eta.

Ez da seinale txarra Foroak piztutako interes hori, gatazka gainditzeko premia bere egiten duen ororentzat eta, beraz, euskal herritar gehienentzat. Zeresan jakingarririk duten adituak izango dira, hainbat bake prozesutan izandako esperientzia ugariren berri eman dezaketenak, baina badira nabarmentzeko beste elementu batzuk, hala nola foro irekia dela eta gizarteari funtsezko papera esleitzen diola. Alegia, euskal gizartea edozein eztabaidatan parte hartzeko gai dela, areago berari dagozkionetan, agerian, heldutasunez eta beldurrik gabe. Konponbidea oztopatzen dutenen aurrean, horiek bilatzen duten etsipenari aurre eginda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo