GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Horrore bat

Hugo Chavez omentzeko arrazoi franko dagoenik ez dut nik ukatuko. Venezuelan eta munduan haren ekarpena aitortzeko motiboak eta datuak ez dira falta. Baina gauza bat da hori eta oso bestelakoa bere gorputz baltsamatuaren erakusketa publikoa, Chavezen hilotza kontserbatzea jendeak bere momia adoratu dezan. Ikaratu egiten nau horrek, horrore bat iruditzen zait.

Chavez pertsona gogoangarria, karismatikoa, azkarra eta ausarta izan da. Argiak bezala itzalak zituen, jakina, baina bere irudiak antzik ez du eternitaterako jainko izateko propio apainduriko hilotz hondakinekin. Erabaki horri ez diot doktrina mailako justifikaziorik ikusten, ez komunismoaren izenean, ezta iraultza bolivartarraren mitologiaren aitzakian ere. Horrore bat egin dutelakoan nago.

Pertsonak bere jokabidea arrazionalizatzeko mitoak eraiki ditu betidanik. Ikaragarrizko probak gainditu dituzten heroiak, maisu izpiritual perfektu eta errukitsuak, objektu magikoak, animalia fantastikoak... kultura orotan daude, komunitate ezberdinen balio, praktika eta sinesmenen oinarri eta kontakizun metaforiko legez. Chavez momifikatzeko erabakia hartu dutenek, agian, horrelako zerbait nahi zuten. Baina ez diote mesederik egin ideal bolivartarrari. Komandante bolivartarra Lenin munduko proletargoaren liderraren pare, Ho Chi Ming heroi vietnamdarra, Mao Tse Tung timonela edo Agostinho Neto angolarraren pare jar daiteke, akaso, baina baltsamatu eta beirazko hilkutxa batean momia bilakatuta erakusgai jartzeak ez dio mesederik egingo haren idealari. Antigoaleko egiptoarra balitz, gorputza kontserbatuz haren izpiritu iraultzailea kontserbatuko zela pentsatu edo katoliko integrista balitz, kontserbazioan santutasun arrastoa ikusiko zuten, baina ez, Chavez jainkotu ezin den pertsona bat baino ez da.

Elvis Presley betirako bizi da haren fanentzat, Lenin boltxebikeentzat eta Chavez bolivartarrentzat. Legendak dira. Kontua ez da haien gorputzekin zer egin. Kontua da kontzientzia kolektiboak eta bere arketipoek denbora luzea behar dutela hiltzeko eta zer egin behar den eternitaterako esaterik ez dagoela. Eternitatearen ordua orain eta puntu-puntuan delako. Gurtzen dena baino egiten dena delako taxuzko iraultza baten gako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo