GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisek ez du Hizkuntzen Karta berretsiko Konstituzioa aldatu arren

Ainize BUTRON | BAIONA

Parisko Gobernuak frantses Konstituzioa erreformatzeko balio izango duten lau testu nagusiak aurkeztu zizkion atzo Ministroen Kontseiluari, eta bertan, Europako Hizkuntz Gutxituen Karta berresteko batzordea baztertuta geratu zen.

Konstituzioa berresteko beharrezkoak dituen Legebiltzarraren bozen 3/5enak ez lituzkeela lortuko aitzakia eman zuen, hain zuzen, Parisek erreforma lau ataletan murrizten zuela jakinaraztean. Gertakari horri begira, Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sareak Estatu frantsesean «eskubide linguistikoei dagokienez dagoen blokeo politikoa» salatu zuen.

Hizkuntz Gutxituen Karta berresteko, izan ere, François Hollandek eta Parlamentuko buruak frantses Konstituzioaren aldaketa izango zela hitzeman zutela gogorarazi zuen egiturak.

Ekintzak indartu

Horiek horrela, berriki sortua izan den lekuko hizkuntzak eta barne aniztasun linguistikoa sustatzeko batzordearen funtzionamenduari begira zalantzak agertu zituen Europako Sareak. «Komite hori sortu berria izan da, Estatuak frantsesa ez diren bere lurraldeko gainerako hizkuntzei etsaigo argia erakusten diolarik», salatu zuen. Eta, beti ere, ukapena zela nagusi gogorarazi zuen.

Europako Sarearen frantses ordezkaritzak eskubide linguistiko eta kulturalen alde ekintzak indartzera deitu zuen.

Konstituzio aldaketak lau erreforma nagusi biltzen ditu: Gobernuko funtzioen arteko bateraezintasuna, lege proiektuen eztabaida sozialaren beharra, Magistraturaren gaineko Kontseiluaren eraldaketa eta Gobernuko kideen arduren inguruko aldaketak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo