Lander GARRO Idazlea
Hatzak
Institutu garaian, politikaz arduratzen ez zirenak geure irainen jomuga bilakatzen genituen. Barkaezina irizten genion bizitzaren larritasunarekiko axolagabetasunari. Eta, gaur ere, politikak egiten gaitu izaki ernai, konprometitu eta arduratsu. Nola esan dezake inork ez dela gizakiaren gizakiarenganako krudelkeriaz kezkatzen? Politika, funtsean, horixe baita: krudelkeriaz arduratzea. Zapaldua defendatzea. Bestea, politikari profesionalek egiten dutena, ez da politika, ezpada bizitza instituzionalaren (botere guneen) erabilera interesatua: hondeamakinak, eta hondeamakinak defendatzeko hedabideak eta tankeak, labur esanda. Nahiko nuke, bai, politikaz kezkatzeari utzi. Hil dadila artritisak jotako nire hizkuntza jazarri eta herdoildu hau, utz diezaiotela nire galeretako lagunek askatasuna amesteari. Zeren eta institutu garaian uste baikenuen politika borroka zela. Bide bat zegoen, bideari jarraitu behar genion bakarrik. Inork ez zigun bidearen amaiera sasiz betetakoaz hitzik egin. Inork ez zigun porrotaren etsipenaz hitz egin. Non zeuden geure helduak gu abisuaren gainean jartzeko? Inork ez al zekien ezer? Politika joko ustela dela entzuten dut han eta hemen, dena berdintzeko joera hain moderno horrekin. Hitzak bonba atomikoak dira errazkeriaren ahotan. Bi ate dauzka nire zulo honek, eta biak dira txarrak. Zuloan geratzea, ordea, ez da aukera bat. Ihes egin behar dut eta ez dakit txarretan zein ote den hobea, hoberik bada. «Ados» jarri behar garela entzuten dut, baina ados jartzeko arerioaren bila hasi orduko, bakarrik nagoela ohartzen naiz. Mugi nadin esaten didate orduan, baina kristal hautsiz betetako zoru honetan ibiltzeko oinutsik nago, dagoeneko. Nora joan? Ez iezadazue errietarik egin: sasia mozteko hatzak geratzen zaizkit oraindik.