Gaur hasiko da Foro Soziala, eta 600 lagunek eman dute izena bertan parte hartzeko
Bake prozesuak bultzada garrantzitsua jasoko du gaurtik aurrera egingo den Foro Sozialarekin. Lokarrik eta Bake Bideak antolaturiko ekimenean parte hartuko duten nazioarteko adituen zerrenda zabala da.GARA | BILBO
Euskal Herrian zabaldutako bake prozesuak aupada garrantzitsua jasoko du gaurtik aurrera Iruñean eta Bilbon egingo diren Foro Sozialaren jardunaldietan. Parte-hartzaileen artean, nazioartean entzutetsuak diren hamabi aditu aurkitzen dira, Foroan landuko diren gaietan esperientzia zabala dutenak: desarmearen eta itzuleraren agenda, giza eskubideen bermea eta iraganean gertatutakoari nola aurre egin.
Bi kolektiboek nabarmendu zuten ehunka pertsonek eman dutela izena bertan parte hartzeko, eta 200 kanpoan geratu behar izan direla, toki faltagatik. Gizartearen erantzuna goraipatu zuten horrela, baita nabarmendu ere jardunaldietan landuko dituzten gaiei 400 ekarpen egin dizkietela.
Antolatzaileek jakinarazi zutenez, adituek ezagutza eta eskarmentu zabala dute bake prozesu anitzetan, hala nola Irlandan, Hego Afrikan, Kolonbian, Burundin edo Sri Lankan. Aipatzekoak dira, besteak beste, Aaro Sunio, Ipar Irlandako desarmearen batzordeko kabineteburua, edo Robert McBried, Afrikako Kongresu Nazionaleko adar armatuko komandanteordea.
Eragileen babes anitza
Gaur hasiko diren jardunaldiak hainbat eragileren babesa eta laguntza jaso dute aurreko egun hauetan. Herrira mugimenduak bat egin zuen proposamenarekin, ekimen «erabat txalogarria» eta «konponbidean eta bakean aurrera urratsak egiteko beta eskaintzen duena» dela azpimarratuz. Herrirako zenbait kide Foro Sozialean izango dira.
Arlo politikotik ere atxikimenduak jaso ditu Lokarri eta Bake Bidearen ekimenak. Sortuk zenbait ordezkari bidaliko dituela adierazi zuen. Gaurko Iruñeko saioan Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Martin Garitano, Amaia Izko eta Bixente Goikoetxea izango dira ezker abertzalea ordezkatzen. Biharko saioan, Hasier Arraiz, Maribi Ugarteburu, Iñaki Goioaga eta Xabier Mikel Errekondo egongo dira, eta Barrena eta Etxebarria hor ere izango dira.
Foro Sozialean parte hartu ezin, baina jarraitu nahi duenak aukera izango du zuzenean egiteko, «streaming» bidez. «bakeforosoziala.org» gunera jo besterik ez dauka, gaur eta bihar, 17.00etatik aurrera.