«Basque literary history», euskal literatura atzerrian azter dezaten ahalbidetzen duen argitalpena
Nevadako unibertsitatean euskal kultura ikertzen duen zentrotik bideratutako argitalpen hau Ameriketako Estatu Batuetako puntako unibertsitateetan zabalduko dute batez ere. Ingelesez kaleratu dute paperean.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Nevadako Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak «Basque literary history» argitalpena kaleratu du ingelesez Ameriketako Estatu Batuetan Euskal Herriko sormena sustatzeko asmoz. Unibertsitate aipagarrienetan banatuko dituzte doan bertako liburutegietan gorde dezaten, ikasleren batek euskal literaturaren inguruko tesirik egin nahiko balu, beharrezko materiala eskura izan dezan.
Argitalpenaren editoreak, Mari Jose Olaziregik, aurkeztu zuen atzo liburua Donostiako Koldo Mitxelenan, testugintzan parte hartu duten zenbait adituk lagunduta. Honek azaldutakoaren arabera, mugaz bi aldetako 13 irakasle aritu dira lanean, bakoitza bere gaia aztertuz, koordinatuta baina ez lankidetzan. Honekin esan nahi izan du kapitulu bakoitza independentea dela, eta ez dutela beraien arteko harremanik. Honela, norbaitek gai zehatz batean interesa badu, zuzenean gai horretara jo dezake behar duen informazio osatua topatzeko.
Atal bakoitza mende bati eskainitakoa da (XVI-XXI. mendeen bitartean), baina XX. mendetik aurrera, euskal literaturaren loratzea dela-eta, atal gehiago bereizi dituzte, generoka sailkatuz. Horrela, normalean literaturaren historiari buruz idazten denean garrantzirik izaten ez duten zenbait gai jorratu dira hemen. Hala nola, ahozko literatura (Euskal Herrian hain garrantzitsua dena), haur eta gazte literatura, saiakera edota euskarara zein euskaratik itzulitako testuak.
Atal bakoitza ere kronologikoki dago antolatuta. Beraz, Aurelia Arkotxak, «Literatura klasikoa. XVI-XIX. mendeak» atalaren sortzaileetako batek, adibide gisara jarritakoaren arabera, Axular ez da agertzen XVII. mendearen hasieran -garrantzi handia duelako-, baizik eta mende horren amaieran.
Ingelesez, gehiago zabaltzeko
Liburuak itzulpenetik ere badu, autoreek euren kabuz gazteleraz edo euskaraz egin zituztelako idazkiak. Ondoren, Amaia Gabantxok dena ingelesera pasatu zuen. Egile bakoitza bere kabuz aritzean atal bakoitza independentea izatea ahalbidetzen du, eta norbaitek gai zehatz batean interesa badu erraz aurki dezake behar duena. Era berean, ingelesez dagoen euskal literaturari buruzko liburu gaurkotu bakarra da; beraz, oso baliagarria izan daiteke gure kultura atzerrian isla izateko eta, honela, aldizkari berezituetan agertzeko aukera izango du.
Renotik Donostiara aurkezpenean izateko bidaia eginda, Joseba Zulaika Nevadako unibertsitateko irakasleak aipatu zuenez, Center for Basque Studies Euskal Herritik kanpo euskal kultura ikertzen duen zentro bakarra da eta horregatik hemen egiten dena kanpoan sustatzeko konpromisoa du. «Gure erronka da egiten ditugun lanak aldizkari berezituetan aipatuak izatea, eta, horretarako, euskal kultura kontuan izan dezaten, ingelesez egotea funtsezkoa da. Munduko idazlerik onena izan zaitezke, baina zure lana ingelesez idatzita ez badago inork ez zaitu aipatuko», esan zuen Zulaikak.
«Basque literary history» argitalpenean aztertzen diren lanak euskaraz egindakoak dira gehienbat. Hala ere, badago atal bat euskara ez den beste hizkuntza batean sortutako euskaldunen lanei eskainia, Illinoiseko unibertsitatean ikasten ari den Estibalitz Ezkerrak egindakoa. Hauek aukeratzeko jarraitutako irizpideak Jesus Maria Lasagabasterrek idatzitako hitzaurrean.
600 ale inguru atera dituzte paperean, gehienak AEBetako unibertsitateetan banatuko dituztenak. Sarean ere irakur daiteke liburua, atalka, «www.basqueliterature.com/eu/basque/historia» webgunean.