GARA > Idatzia > Kultura

Patricio Guzman dokumentalistak jasoko du aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiko saria

Pinocheten gobernuaren mehatxuak jaso ostean egin zuen ihes Txiletik Guzmanek. Ordutik, bere herrialdearen historia kontatzen duten dokumentalak egin ditu, eta horiekin sari ugari irabazi ere bai.

GARA | DONOSTIA

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko saria Patricio Guzman dokumentalista txiletarrak jasoko du aurten, apirilaren 19 eta 26 bitartean ospatuko den aurtengo edizioan. Horrez gain, San Telmo museoan mintegi bat emango du bere egonaldia aprobetxatzeko.

Guzman azken berrogei urteetako dokumental egilerik handienetariko bat da. Bere ibilbidean zehar egindako pelikulen bidez, Txileko historia berriaren kronika egin du. Berea da, adibidez, «La batala de Chile» bost orduko filma, Salvador Allende presidentearen gobernuaren amaieraren ingurukoa. Pinocheten estatu kolpearen ostean fusilatuko zutela mehatxu egin zioten Guzmani eta 1973an ihes egin zuen herrialdetik. Ordutik, Kuban eta Estatu espainiar zein frantsesean bizi izan da, dokumentalak egiten eta horiekin sari anitz irabazten.

Tailerrak maisuen eskutik

Jaialdiak iraun artean San Telmo museoan zinema dokumentalaren inguruko mintegi bat emango du zuzendariak, Ganora Filmak elkarteak antolatuta. Lau saiotan (bakoitzak bost ordu iraungo ditu) film dokumental bat artistikoki sortzeko lanaren nondik norakoei helduko die. Apirilaren 23tik 26ra ospatuko da mintegia, 10.00etatik 15.00etara. Prezioa 80 eurokoa izango da, eta izena ematen duenak Giza Eskubideen XI. Zinemaldiko saioetarako bonua 17 eurotan eskuratu ahal izango du.

Amal Ramsis zinemagile egiptoarrak ere tailer bat emango du Donostiako Emakumeen Etxean apirilaren 15 eta 18 artean. Izen ematea doakoa da eta parte hartzaileek jaialdirako bonua erosteko abantailak izango dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo