GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskoziako galdeketari data jarrita, mugarri berria ezarri dute eredugarria izaten ari den prozesuan

Eskoziak herrialde independentea izan beharko luke? Bai edo ez». Galdera sinplea, ulerterraza eta eskoziarren etorkizuna erabat baldintzatuko duena. Horri erantzun beharko diote herrialde horretako biztanleek heldu den urteko irailaren 18an, Alex Salmond lehen ministroak atzo iragarri zuenez. Hasiera-hasieratik, eta nahiz eta Gobernu britainiarra bere interesen mesedetan esku sartzen saiatu den, Eskoziako erreferendumaren auzia eredugarria izan da arazo politikoei konponbide demokratikoa eman behar zaiela sinesten dutenentzat. David Cameron lehen ministro britainiarrak eta Salmondek berak luze eztabaidatu ostean zehaztu zituzten galdeketaren baldintzak, eta hortik aurrera biak bat datoz eskoziarrena izango dela hitza eta erabakia.

300 urtez Ingalaterrarekin elkartuta egon ostean, 2014ko uda bukatzear helduko den hitzordua historikoa izango da Eskoziarentzat. Eta historikoa izango da, eskoziarren hautua independentziaren aldekoa zein kontrakoa izan. Azken batean, beren herriaren etorkizuna beren esku izateak ematen die etorkizuna bermatzeko beharrezko duten askatasuna. Berandu baino lehen hemen ere eskuratuko duguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo