GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zornotzako ginekologia kontsulta berriz zabalduko duela iragarri du Osakidetzak

Zornotzarrek ginekologia kontsulta berreskuratuko dute herriko osasun zentroan, apirilaren 8tik aurrera. Duela aste batzuk Zornotzako espezialistaren baja ordezkatu ezinik itxi zen zerbitzua berriro zabalduko da, langileak berrantolatu ondoren, Osakidetzak azaldu bezala.

GARA | ZORNOTZA

Zornotzako emakumeek ginekologia kontsulta berreskuratuko dute, apirilaren 8tik aurrera, herriko osasun zentroan, atzo Osakidetzak iragarritakoaren arabera. Langile taldea berrantolatu ondoren, astearte eta ostegunetan eskainiko dute zerbitzua, 15.00etatik 20.00etara, Osakidetzaren informazio iturriak aipatuta, Europa Press-ek emandako informazioak dioenez.

Duela aste batzuk ginekologia zerbitzua eten zuten Zornotzan, kontsulta ematen zuen profesionalak aldi baterako ezintasuna hartu zuenean, lanpostua betetzeko ordezkorik aurkitzen ez zuelako Lakuako Osasun Sailak.

Egoera horren aurrean, agintariek Zornotzako kontsulta itxi, eta irtenbide modura, Durangon indartu zuten ginekologia eta obstetrizia atala, zornotzarrei arreta emateko.

Neurri horren aurka, mobilizazioak izan dira ostegunero herriko osasun zentroaren ate aurrean, Bilgune Feministak eta Emakumeen Asanbladak bultzatuta, ginekologia zerbitzua herrian bertan manten dezatela eskatzeko.

Osakidetzak ez ditu herritarren mobilizazioak aipatzen, baina azaldu du neurri hori hartu berri duela Zornotzako Udalak eginiko eskaerari erantzunez, hain zuzen, herriko emakumeek espezialisten arreta jasotzeko Durango-Landako anbulatoriora joan behar izan ez dezaten.

Zornotzan kontsulta itxita egon den bitartean, emagin zerbitzuak herrian bertan jarraitu du. Durango-Landako anbulatorioan, astean bi kontsulta egun gehiago jarri dituzte ginekologia eta obstetrizia zerbitzua indartzeko, eta larrialdiak egun osoan artatu dituzte.

Neurriok ez dira desagertuko oraingoz. Iragarri dutenez, zenbait astetan errefortzu horiek mantenduko dira, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko.

astean bi egunetan

Langileak berrantolatu ondoren, ginekologia kontsulta astearteetan eta ostegunetan, 15.00etatik 20.00etara, izango dute herrian, apirilaren 8tik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo