GARA > Idatzia > Ekonomia

«Lau horma baino gehiago» izateko, Tolosaldea garatzeko jaio da Lehiberri zentroa

Bost urteko lanaren ostean, Tolosaldeak bizi duen egoera ekonomiko «latza» gainditzeko ireki dute Lehiberri zentroa. Enpresa, langile eta langabeak bildu nahi ditu, elkarlanean eskualdearen beharrak asetzeko.
p030_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | TOLOSA

Tolosaldeko eskualdea osatzen duten 28 udalerrietako enpresa, langile, langabe eta ekintzaileek euren egitasmoak garatzeko txokoa izango dute aurrerantzean. Lehiberri lehiakortasun eta berrikuntzarako zentroa dute elkargune, eskualdea lehiakorragoa egiteko helburuarekin jaio dena.

Lehiberriren inaugurazioa ospatu zuten atzo Tolosan, herritar eta ordezkari instituzional ezberdinen presentziarekin. Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Estibaliz Hernaez Lakuako Berrikuntza eta Teknologia sailburuordeak, Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzen agentziako lehendakari eta Tolosako alkateak eta Jon Ander Torrea Lehiberri Foroko lehendakariak gidatu zuten ekitaldia, eta guztiek ideia berarekin egin zuten bat: eraikin berri bat ez ezik, eskualdearen egoera ekonomikoari buelta emateko egitasmoa ere badela Lehiberri.

Guztira 3.000 metro karratu ditu eraikin jasangarriak, izan ere, energia kontsumoa ahalik eta txikiena izan dadin dago egina. Finantziazioari dagokionez, eskualdeko 28 udaletxeek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako ekarpenei esker gauzatu da proiektua. Ildo horretan, Gobernu espainolak hitzartutako 400.000 euroko aurrekontua Diputazioak bere gain hartu behar izan duela gogorarazi zuen Garitanok, Madrilek ez baitzuen hitzemandakoa bete.

Bere jarduna lau ardatz nagusitan zentratuko du Lehiberrik. Torreak azaldu zuenez, formakuntza, ekintzailetasuna, internazionalizazioa eta elkarlana izango ditu oinarri estrategiko lehiakortasunaren bilaketa horretan. Horretaz gain, eskualdeko behatoki sozioekonomiko gisa ere jardungo du. Finean, Tolosaldeko eragile sozioekonomiko guztien erreferentzia gune bilakatu nahi du egoitza berriak.

Erronka handia aurretik

«Bada ideiarik murrizketa eta austeritatetik harago?». Galdera honekin hasi zuen bere hitzaldia Jon Ander Torreak, egungo krisi ekonomikoak dakartzan neurri murriztaileek paisaia belzten duten arren, hazkunderako bidea egiteko aukerarik badela nabarmendu nahian.

Helburu hori gauzatzeko enpresek euren pentsaerak zabaldu behar dituztela adierazi zuen, «ohiko langile autonomo» izateari utziz. Hau da, ekintzailetasunerako eta berrikuntzarako jarrera irekia izan behar dela uste du. «Batzuetan enpresak ez gaude formakuntzari zabalik, eta hori ez da ona», aitortu zuen. Eskualdea biziberritu eta beste kutsu bat emateko, enpresariak Lehiberrik eskain ditzakeen aukerak baliatu behar dituela azpimarratu zuen.

Lehiberriren jaiotza kokatzeko, historian atzera egin zuen Ibai Iriartek. 90eko hamarkadan izandako krisiari erantzuteko Tolosaldea Garatzen agentzia jaio zen bezala, 2008an Lehiberriren lehen alea jarri zuten eta, behin fruitua jasota, eskualdeak pairatzen duen krisiari erantzuten saiatuko dira.

Langabezian jarri zuen begirada eta familia zein gazte asko lan merkatura sartu ezinik dabiltzala azpimarratu zuen. Horri, lan erregulazio espedienteak eta enpresentzako finantzaketa falta gehitu behar zaizkio. Emaitza: «argazki gogorra eta erronka handia etorkizuna eraikitzen».

Ildo horretan, historiak emandako lezioetan arreta jarri, ahulguneetatik ikasi eta indargune bihurtzera deitu zuen. Papergintzan aitzindari izandako eskualdea mikroenpresen gune izatera pasa da, eta krisiak garai eta eredu berrietara egokitzea eskatzen du. Iriarteren hitzetan, horretarako giza kapitala eta formatutako harrobia badute. «Ez da erronka makala», bukatu zuen.

eskaintza zabala

Lehiberri zentroak formakuntza gelak, enpresa berrientzako zazpi haztegi, enpresen arteko proiektuak burutzeko hiru laborategi, enplegu zentroa eta auditoriuma dauzka Tolosaldeko ekintzaileentzako eskuragarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo