KRONIKA | 18. KORRIKA
Lekukoa harrotasunez altxatu du Bilbok euskara ikasle guztiak omentzeko
Garbitu eztarriak, zabaldu birikak; goazen aurrera! Begira-begira atzera, zenbat jende!», oihukatzen zuten furgonetatik, hunkituta. Bilbon sartu eta handitzen eta handitzen joan zen lasterkarien taldea, gibeleko eta aitzineko aldeek bat egiteraino. Euskara irakasleek ikasleei pasatu zieten lekukoa, Bizkaiko hiriburuan zirraraz egindako itzulian.
Maider IANTZI
«Athleeeetic!» garrasi eginez sartu zen lasterketa atzo arratsaldean Bilbon, zale zuri-gorriekin, baina pausoz pauso, euskaltzalez betetzen joan zen. Bilbo Korrikarena zen eta Korrika, Bilborena.
Enekurin beheiti, EiTBko langileekin sartu zen maratoia hirira, eguzkitan, harrera beroaren esperantzan, eta horrexegatik beragatik, urduri ere bai. Eta lau ordu eta erdiren buruan, begiak eta barrena beteta, gainezka atera zen, Galdakao aldera. Goizaldean, sartu-irten bat egin zuen Araban, bertzeak bertze Laudioko AEK-ko eta udal euskaltegiko ikasleekin elkartzeko, eta handik Enkarterrira jo zuen. Bertako udalek kilometroak erosi eta omenduak diren euskara ikasleen esku utzi zuten lekukoa. Gaur, Ezkerraldearen txanda izanen da.
Bilboko kontaketara itzuliz, Deustun, bi aldeetan jendea txaloka zutela eraman zuten makila unibertsitateko ordezkariek eta zapatilak zeramatzan tomate eder bat lagun zuten Jai Batzordeko kideek. 50 urte bete dituen ikastolakoak ere ibili ziren arin-arinka, aitzinean umeak eskuak goiti eginez eta dantzan zituztela. Euskalduna zubi osoa bete zuten euskaltzaleek. Bertan, aitaren urtebetetzea ospatzen ari zen Bediaga familiak eraman zuen lekukoa, eta gero, Athleticek. Aritz Aduriz, Andoni Iraola eta Jose Angel Iribarrek sortu zuten ikusmina, baina behin eta berriz txalotzen eta goraipatzen zituzten euskara ikasleak ziren protagonista. Eurena da 18. Korrika.
Errekalden, gizendu
Mozorrotutako Medikuntzako eta Odontologiako ikasleekin, saltoka sartu ziren Altamiran, eta Kobetamendi Konpartsakoekin eta gaztetxekoekin ailegatu ziren Zorrotzara. Autonomian, eta gero Errekalden, jendetzaren berotasuna gero eta gehiago sumatzen zen. Kukutza gaztetxea zegoen lekutik igarotzean, bengala gorriak lehertu zituzten eta bere kanta kantatu, gogoan dutela adierazteko, eta zati horretantxe, lasterketaren aurreko aldeak bat egin zuen atzekoarekin. Korrika potoloagoa atera zen auzo honetatik.
Ekimenaz gozatzen, bestan ikusten zen jendea, euren momentua bizitzen. Eguzkia itzali egin zen, baina furgonetako argiak piztu eta txarangaren erritmora segitu zuen martxak, espaloietatik begira-begira zituzten ume eta nagusien txaloekin. Lauro eta Urretxindorra ikastoletako haurrek egin zuten korrika eta ondoren, antimilitaristek, «Gerrarik ez» kartelarekin, militarrez jantzita eta sudur gorriekin.
Hurtado Amezaga kalean, ez zen jendetzaren amaiera ikusten. «Ikaragarria! Ikaragarria!» egiten zuten garrasi mikrotik. Gehiengo sindikalak egin zuen bere kilometroa eta Bilboko Euskalgintzari eta euskara ikasleei pasatu zien testigua Plaza Biribilean. «Zuei esker Bilbo euskalduntzen ari gara», animatzen zituzten irakasle eta ikasleak. Lehenengoek bigarrenei eman zieten lekukoa, egunero klaseetan euskara ematen dieten bezala. Adierazpen bat plazaratu zuen Bilboko Euskalgintzak, bertan euskaldun izateko ahaleginean ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak omendu nahi zituelako, edozein izanda ere euren egoera linguistikoa edo euren jatorria.
Aurreko Korriketan bezala, botere publikoei ere eskatu zieten, eta Bilboko Udalari espresuki, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten. «Omendu ez ezik, euskara ikasleen lekukotza ozen plazaratu gura dugu, ez delako zilegi bertako hizkuntza ikasteko ikasleek ordaindu behar dutena ordaindu behar izatea. Doakotasuna aldarrikatzen dugu, euskal herritar guztien eskubidea delako euskaldun izatea».
Hurrengo kilometroan, EH 11 Kolorerenean, jatorri, kultura eta gure herriko identitate ugari batu ziren «Gora aniztasuna!» aldarrikatzeko. Gure jatorria edozein dela, Euskal Herrian euskarak batzen gaituela azaldu zuten Moyua plazan, justu Nazioarteko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Egunean. Xabier Mendiguren Bereziartu eta Samira Goddi Mendizabal ekimenaren bozeramaileek eraman zuten, jatorri ezberdineko hainbat euskal herritarrekin batera, lekukoa.
Lehenengoz Bilbon, ibaian goiti ere ibili zen testigua, Deustuko arraunlariek txalupaz eraman baitzuten. Eta Pablo Berasaluze pilotariak eta Kepa Junkera musikariak ere heldu zioten makilari 18. Korrikari furgonetak utzi dizkion Ansareo taldearen izenean.
Arratian eta Txorierrin
Korrikan aunitz ikusten dira haurrak, euskalakarien zati handi bat dira, eta atzo goizean Arratian ibili zenean ere ederki animatu zuten txikiek bidaia, ikasle helduxeagoekin batera, euskaltegietakoekin hain zuzen. Gipuzkoan barna gau bizia pasatu ondotik -arratseko txanda zutenek hala aipatzen zuten, izugarria izan zela Arrasatekoa, Aretxabaletakoa, Oñatikoa...-, Bizkaian sartu ziren Ubidetik. Zeanuri, Areatza, Artea eta Arantzazu zeharkatu zituzten, gero Igorre eta Dima. Eguzkia atera zen eta giro goxoan egin zuten korrika. Azken herri honetan, pilotariak zuriz atera ziren eta ama batek bere bi umeekin eraman zuen testigua, haur txikiena besoetan zeraman eta bertzearekin lekukoa konpartitzen zuen. Halako irudi dexente ikusten dira euskara babesteko ekimen honetan.
Dimako bertso eskolako kide batek bertsoa bota zuen, baita Arratiako eskolako batek ere. Hala bukatu zuen azkenak: «Erabiliaz sarri/ euskara mihinera ekarri/ eta zelan ez eman elkarri», ingurukoak kantari eta txaloka jarriz.
Marijaiaren doinuan sartu ziren Lemoan. Jende pila bat zegoen zain, txikienek espaloi ertzetik begiratzen zuten, batzuek eskuarekin agur eginez, bertzeek begiak zabal-zabal eginda.
Zornotzan, Cementoseko langileek lasterka segitzen zuten kamiseta berdeekin. Bide luzea egiten ari ziren. Ume eta gazteek pankarta bana egina zuten Korrikarentzat. «Zornotza be», hasten zen mikroa zeramana, eta «euskararen alde!» erantzuten zioten. Harrera-koek lehendabiziko aldiz heldu zioten lekukoari eta talde polita osatu zuten preso ohiek. Larrabetzun, suziriekin, balkoietatik botatako globoekin, animo eta txaloz sartu ziren. Irriz, hunkituta hartu zuen jendeak ekimena eta besta polita egon zen plazan. Irudi ederra utzi zuen herri honek Korrikaren begietan.