GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek ikuskizuna eman nahi du liderraren aurka

Zuri-urdinek 15.00etatik aurrera Toulon hartuko dute Anoetan. Baionakoek ezer gutxi dute jokoan.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Avironek errugbi festa antolatu du gaur Anoetan; izan ere, Donostian hartuko baitu talde lapurtarrak Toulon, egungo lehen sailkatua. Giroa aparta izango da harmailetan, baina baionarrek ezer gutxi izango dute jokoan. Sailkapeneko lehen zazpien artean sartzea ia ezinezkoa daukate, eta maila galtzeko ere ia ez daukate arriskurik.

15.00etatik aurrera jokatuko den norgehiagoka oso erakargarria da. Toulon sekulako denboraldia egiten ari da. Sailkapeneko lehen postuan dago 76 punturekin, eta bigarren dagoen Clermonti bi puntu ateratzen dizkio. Ligako finalerdiak jokatzeko txartela ia eskuetan dauka, baina lehen fasea lehenengo amaitu nahi du, eta Gipuzkoara garaipenaren bila etorriko da, duten lehen postu hori indartzeko asmoarekin.

Baionakoek jaitsiera 14 puntura daukate. Beraz, maila galtzeko geratzen diren partidetan gauzak oso gaizki egin beharko lituzkete, eta gainerakoek, berriz, oso ongi. Datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela ematen duen zazpigarren postua ere 14 puntura daukate. Beraz, zuri-urdinek presio gutxiagorekin jokatu eta ikuskizuna eman dezakete.

Hamabostekorik ez dute ezagutarazi, baina bai deialdia, eta honako hauek sartu dira: Arganese, Roumieu, Igiñiz, Lafond, Boyoud, Manukula, Graham, Senekal, Chisholm, Boutaty, Bernad, Puricelli, Baget, Haare, Rouet, Phillips, Potgieter, Ugalde, Mazars, Lacroix, Rokocoko, Gerber, Fuster, O'Connor eta Spedding.

Bigarrena

Sailkapeneko bigarren sailkatua ere, Clermont, alegia, Euskal Herrian izango da; 20.50etik aurrera Agileran jokatuko du Biarritzen aurka. Zuri-gorrien egoera Avironenaren modukoa da. Ez daukate ez gora ez behera egiteko aukera handirik. 16 puntura daukate jaitsiera, eta 12ra, datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela emango liekeen postu hori.

Clermontek, ordea, ikaragarri du jokoan, Toulonek duen bezalaxe, sailkapeneko lehen postua ari baita jokatzen. Toulon bi puntura dauka, eta badaki gaur Agileran galtzeak sekulako kaltea eragin liezaiokeela. Ez da ahaztu behar errugbian garaipenak lau puntu balio dituela, eta erasoko puntua batuz gero, bost izan daitezkeela, eta une honetan hirugarren postuan dagoen Stade Toulosain 10 puntu gutxiagorekin dago, baina gaur galduko balute, Okzitaniakoak bostera jar daitezke.

Biarritzek ez du jakinarazi hamabostekoa, baina baja ugari dauzka, eta gaur ere harrobiko jokalariren batek izango du aukera. Barcella, Balshaw, Burotu, Genevois, Haylet Petty, Lauret, Magnus Lund eta Thion ez daude jokatzeko moduan. Guztiak ere min hartuta daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo