GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | 18. KORRIKA

Oilo-ipurdia jartzen duten kilometroz betetako ibilbidea Bizkaian barna

Bizkaiko Ezkerraldean jende tropelak eraman zuen atzo aurrera Korrikaren lekukoa. Ikaragarria izan zen sentitutako indarra. Barakaldon, adibidez, mutiko bat joan zen buruan, zoriontsu, besoak zabalik, lasterka baino hegaka.

p016_f03.jpg

Maider IANTZI

Herrira sartzean, megafoniako musika isilduta, txalaparta doinuak barrenera ailegatu ziren, zuzen. Zahar-etxeko lagunek terrazatik agur egiten zuten, dentistek kontsultaren ataritik. Errepidean aitzinera egin eta bi aldeetatik herritarren txalo eta muxuak jasotzean, begiak betetzen ziren.

Behin baino gehiagotan nahasten dira ekimen honetan irria eta negarra, eta atzo halako momentu batzuk izan ziren. Goizean, Ortuellan, Asier furgonetako argazkilariak kilometro bat oparitu zion amari. Honek ez daki euskaraz eta semeak eskerrak eman zizkion hizkuntza hau ikasteko aukera emateagatik eta hala mundu bat zabaltzeagatik. Hain zeuden hunkituta, anai-arreba guztiak malkotan, amak ezin izan zuela kilometroa bukatu.

Geroago, Trapagan, 1.963. kilometroa urte hartan jaio ziren AEK-ko bost kidek bete zuten, Mertxe Mugikak, Felix Gomezek, Ana Vizanek, Idoia Campok eta Klara Astondoak. Kilometroz mozorrotuta, ileordeak buruan, primeran pasatu zuten, Edurne Brouard eta lankideek furgonetatik zirikatzen eta animatzen zituzten bitartean.

Lourdes Artetxe omenduz

Bazkalorduan, Erromon, bi zati hagitz hunkigarri korritu zituzten bata bertzearen segidan. Lehenengoan, Joseba Kanpok eta Urtsa Erraztik hartu zuten testigua, Korrikaren sortzaileetako bik. Eta hurrengo partea, Lourdes Artetxe duela hilabete eskas zendu zen Uribe Kostako AEK-ko irakasle historikoari eskaini zioten. Martxa heltzean, lore sorta bat eman zioten familiari erakundearen eta Korrikaren izenean eta lankide guztiek egin zuten lasterka, euren babesa eta eskerrak emateko.

«Beregandik ikasitako bideari jarraipena eman diogu. Lourdesen lan egiteko grina nabarmenduko nuke, prestutasuna, lantaldea nola bultzatzen zuen, euskararekin izan zuen konpromisoa. Bizi osoa AEKn egin zuen», adierazi zuen Mertxe Mugika erakunde honetako koordinatzaile nagusiak. Denei eskerrak eman nahi izan zizkien.

Mugikak, Brouardek eta gainerako lankideek bezala malkoak begietan zituztela egin zuten korrika, txaloen berotasunean. Jende ilara luzea zen eta gibelean zihoazenak ez zebiltzan oinez, hanka eta eskuei gogoz eraginez eta animatzen baizik.

Goizeko bederatzi eta erdiak aldera sartu zen maratoia Ezkerraldean. Santurtzitik Portugaletera eta handik Sestao, Barakaldo eta Erandiora, «Gora Bizkaia euskalduna! Gora Euskal Herri euskalduna!» oihukatuz. Sestaon, Kale Nagusia bete zuten euskalakariek. Orokorrean, hagitz indartsua izan zen itsaso usaineko eskualde honetako bidaia, intentsua eta kaotikoa ere bai zenbaitetan, pibotez betetako kale bihurrietatik igarotzean.

Itsasadarrean, uraren gainean ere ibili zen lekukoa, justu 2.000. kilometroan. Ibaizabalen Barakaldoko aldean Kaiku arraun taldeak hartu zuen testigua, Jose Luis Kortak hain zuzen, eta talde indartsu honetako patroiak talde txikiago bati, Lutxanari, eman zion euskara, bertze aldera, Erandiora, Uribe Kostara eraman zezan.

Itsasadarraren alde bietan sortu zen sekulako giroa arraunlariei begira. Argazkiak ateratzen, dantzan, txantxetan... ongi pasatu zuen jendeak. Erandion, jende artetik pasatzean, «Eskerrik asko!» erraten zuten.

Algortara bazkalorduan ailegatu zen martxa eta, bertzeak bertze, aurten 50 urte beteko dituen San Nikolas Ikastolak egin zuen kilometro bat. Ospatzeko, sortzaileetako batek eraman zuen lekukoa eta ume guztiak atera ziren korrika egitera.

Ezkontza opariak

Urdulizen, Leioako nesken futbol taldeko lagunek kilometro bat erosi diete Irantzu kideari eta Gorka senarrari. Lekukoa eramateko aukera da euren ezkontza oparia. AEK-koek halako eskari gehiago ere izan dituztela kontatu ziguten. Batzuek Korrika hasi baino aunitzez lehenago erreserbatu nahi izaten dute gainera beren zatia. Mungian, ezkondu aitzineko agur besta ospatu nahi zuen bertze kuadrilla batek erosi zuen kilometro bat.

Herri honetan, kilometro berezi gehiago ere izan zen, Mungin Geure Ikurrek plataformarena adibidez. Lasterketa ailegatu aitzinetik postutxo batean ikurrina txikiak saltzen ari ziren kilometro bat zuri, gorri eta berdez egiteko. Bizikleta baten gainean bandera handi bat ere bazuten. Imanol Goirigolzarrik eta Igotz Zorrozuak azaldu zutenez, bandera hori-gorriaren inposizioa dela-eta sortu dute talde hau. «Guztiz irekia da eta kolore guztietako jendea gaude. Bidea egiten ari gara, herria pizten, ea lortzen dugun udaletxean bandera espainola ez jartzea. Hori da gure helburua epe laburrera. Luzera, berriz, argi dago... Independentzia!». Lehenengo urratsa dute Korrikako hau eta honen ondotik egiteko gauza ugari pentsatu dituztela kontatu ziguten. Uribe-Butroe eskualdeko herri honetan, balkoi anitzetan daude ikurrinak jarrita eta hemendik gutxira bandera hauekin betetzea espero dute. Udalak helegitea jarri du bandera espainola ez ezartzeko eta behin betiko epaia laster iristea espero dute.

Postu honen inguruan, jendetza zegoen plazan bilduta, lasterketaren zain, tartean Mariana, Janire, Lierni eta Ametz, Legarda Herri Ikastetxeko lagunak. Gogoz zeuden parte hartzeko. Batek lehenengo aldiz probatu behar zuen. Aitzinetik, Korrika Txikia ere egina zuten. Mungiako eskola guztiak elkartu eta futbol zelaira joan ginen eta hor Korrikaren kantarekin egindako koreografia dantzatu genuen», kontatu zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo