Lohitzune Txarola Gurrutxaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria
Korrika mundura
Hizkuntzarekiko zirri hauek, lilura hori eta grina hura zabaltzen doan heinean, Euskal Herriak euskara behar duelako aldarri garbia eta euskarari zor diogun lekua ere erakusten dugu
Egunotan Korrika gure herrietako kaleetan zehar ibili da, kilometroak batuz euskararen alde. Jai giroan euskara indartzea eta esfortzu fisikoarekin euskararen beharra aldarrikatzea modu polita delako. Mikel Urdangarinen abestiak dioen bezala, «ez onena agian, ez ederrena agian, zaharregia agian, txikiegia agian», baina dena dela, euskal gizarteak euskararen herria dela eta izan nahi duela lau haizetara zabaltzeko gure modua da.
Korrikaren hastapenak ez ziren errazak izan. Pertsona batzuen burugogortasunari eta tinkotasunari esker hasi ziren kilometroak euskaraz kontatzen, eta ordutik hazi eta hezi gaitu euskarak, Korrikak. Edizio bakoitzean atxikimendu gehiago jasotzen joan da; dela euskaldundu nahi zutenena lehendabizi, dela ikastolena gero, herritar mugimenduena, kultur arloa, kirolariak eta erakunde ezberdinak batu arte, denak tipi-tapa tipi-tapa, bakoitzak ahal duen neurrian eta ekarpenean, herri bat elkarrekin korrika egiten, euskarak ere eskubideak dituelako. Euskara gure pauso bakoitzaz biziberritu eta indartzen dela konturatu garelako, eta hori ospatu nahi dugulako.
Azken edizioetan partaidetza handia izan du Korrikak Euskal Herrian. Gogoan zirrara, begietan dirdira eta hanketan ezinegona ekartzen ditu Korrikak herritik igarotzerakoan, eta ohore bat da kilometro pare bat, 10 edo, Mikel Goñi pilotaria bezala, Nafarroatik 17 kilometro luzez euskara ere nafarra dela aldarrikatuz Oñatin esaten den moduan «atxintxikan» ibiltzea.
Bai, Korrikak bere 18. lasterketa honetan jaso du erakunde txiki zein handien besarkada, hanka eta oinekin emandako besarkada. Baina etxekoez gaindi, kanpoan ere gero eta kilometro gehiago egiten ditu Korrikak; Berlinen, Madrilen, Shangain, Txileko Santiagon, Londresen, New Yorken, Tolosan (Okzitaniakoa, noski), Necochean, Bartzelonan... Urruti egon arren, Korrikako partaide izan nahi dutenak, eta euskararen mugez gaindi euskara ikasten dihardutenak dira munduko kaleetan zehar «tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!» oihukatzen dutenak, edota «Piñera, entzun, Txile euskaldun», deiadar egiten dutenak. Hau irudikatzean, berriro ere zirrara eta dardara gorputzean, eta irribarrea aurpegian.
Eta horrelako «abenturak» antolatzea ez da erraza izaten; jendea bildu, materiala prestatu, baimen eta lizentzia piloa eskatu... baina esfortzuak merezi du. Herri horietan dauden euskaldunak eta euskararen maitaleak ezagutzeko parada bikaina da. Giro ederrean euskaraz barre batzuk botatzeko aukera ezin hobea, eta batez ere euskara mundu zabalean barreiatzeko tresna ezin egokiagoa. Musika eta algara, kolore eta dantzaz hornitutako talde baten ingurura jende asko hurbiltzen baita zer gertatzen den jakin nahian. Eta azalpena erraza da: gure hizkuntza maite dugulako, gure hizkuntza gu bezain bizia eta zoroa, edo serio eta zuhurra delako, gure hizkuntzaren existentziaz mundu guztia ohartarazi nahi dugulako korrika egiten dugu. Zer da ba Korrika? Zer da euskara? Ikusmira amuan jarri, eta jakin-minez begiratuko dute ordutik euskara.
Baina badago hizkuntza baten alde aringa-aringa ibiltzea ulertzen ez duenik ere: Zer ikusirik du lasterketa batek hizkuntza batekin? Beti bezala pentsatuko du askok, «euskaldun hauek erotuta daude». Akaso, egia da, baina, akaso hizkuntza bat biziko bada hiztunetan eta hiztunen esfortzuan eta maitasunean biziko dela konturatzen direnek ideia ontzat hartu dute. Horrela, Britainian Redadeg-a antolatzen dute bi urtean behin, Britainiako geografian zehar tarrapatan breizh hizkuntza zabalduz eta astinduz. Correlingua galiziarra ere badugu, eta bere abestiak dioen bezala, «Agora é o noso tempo, o camiño nas entrañas, p'ra fecundar o planeta coa forza da palabra». Edo baita Kataluniako Correllingua ere, filosofia bertsutik sortua.
Hasierako Korrikak euskara indartzeko, euskaldunak kontzientziatzeko eta euskarara hurbildu nahi zutenak besarkatzeko balio izan badu, -eta oraindik horretan dihardu Nafarroako hegoaldean edota Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan- euskarak mugetatik at salto egiteko eta beste hizkuntza batzuk plazara jaikitzeko ere balio du egun Korrikak. Hizkuntzarekiko zirri hauek, lilura hori eta grina hura zabaltzen doan heinean, Euskal Herriak euskara behar duelako aldarri garbia, eta euskarari zor diogun lekua ere erakusten dugu, euskara mundura jalgiz. Munduak euskara ezagut dezan, eta euskarak mundua.