Maiatzaren 18an presoen eskubideen alde plazak betetzera deitu du Herrirak
M.P
Joan den urtean gertatu bezala, Herrira mugimenduak Euskal Herriko herri eta auzoetako plazak betetzera deitu zuen atzo, presoen eskubideen alde. Hitzordua, datorren maiatzaren 18a, eta antolakuntza mugimenduaren tokian tokiko bilguneen esku geratuko da. Herrirak azaldu zuenez, ekimen irekia eta parte hartzailea izango da, eta, hortaz, bilgune horiek tokiko eragileen ekarpenak batu ahal izango dituzte deialdia zabalagoa izan dadin.
Ibon Meñikak -gaztelaniaz- eta Estitxu Garaik -euskaraz- azaldu zutenez, deialdi berri honek Baionako eta Bilboko manifestaldien jarraipena izan nahi du, euskal presoen eskubideen aldeko adostasun zabala errepikatu nahi dute, eta bide horretan, orain arte erabilitako leloa maiatzean errepikatuko dute: «Giza eskubideak, Irtenbidea, Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira».
«Aipatutako bi manifestazioetan bildutako sostengua eta indarra ditugu abiapuntu eta xede», azaldu zuten bi eledunek. Presoei ezartzen dizkieten salbuespen neurrien amaiera lortzeko, aldarriari «hauspoa eman nahi diogu, oraingo honetan Euskal Herriko auzo, herri eta hiri guztietan, baita nazioartean ere».
Aipatu bezala, tokian tokiko bilguneak arduratuko dira mobilizazioen antolaketaz. Halere, hitzorduaren nondik norakoak ez dira soilik horien eskuetan geratuko. Hala, Herrirak gonbita luzatu zien eragile sozialei, politikoei, sindikalei eta, oro har, herritarrei euren ekarpenak egin ditzaten. Adierazi zutenez, mobilizazio horien zutabe nagusiak, hain zuzen, «herritarren parte-hartzea, eta norbanako, eragile eta taldeen konpromisoa izango dira».
«Salbuespen egoerak badirau»
Egoeraren analisi zabalagoa eginez, presoei ezartzen zaien salbuespen egoerak, «milaka pertsonei dakarkien oinazeak», bere horretan jarraitzen duela azpimarratu zuten.
«Zigorrak luzatzea, eritasun larriak dituzten presoen egoera, sakabanaketak dakartzan istripuak eta arriskuak» aipatu zituzten. Ildo horri jarraiki, berrriki hil den Anjel Figueroa preso politiko algortarra ere oroitu zuen Herrira mugimenduak.
«Alderdi Popularrak preso politikoak erabiltzen ditu konponbide-prozesua blokeatzen saiatzeko. Presoen giza eskubideak urratzen dituzte, helburu politiko anker batzuen mesedetan», baieztatu zuten Garaik eta Meñikak, egoera hori «lehenbailehen» gainditu behar dela nabarmenduz.
Helburu hori lortzeko ezinbesteko ikusten du Herrirak «gehiengo soziala aktibatzea, parte-hartzean oinarritutako dinamika zabalen bitartez». Dinamika horiek baliagarriak izan daitezen beharrezko ikusten dute «lortu dugun kontsentsua antolatzea eta erreminta eraginkor bihurtzea».
Adostasun hori, batasunaren indarra, goratu zuten mintzaldi osoan zehar: «Baionako eta Bilboko manifestazioek erakutsi duten legez, posible da sentsibilitate ezberdinen arteko adostasuna helburu beraren mesedetan elkartzea. Herritarrek protagonismoa hartzea ezinbestekoa izango da, etorkizunean, egoera berriak sortzeko».
Herrirak, bestalde, «alderdi, sindikatu, eragile eta norbanako gehienekin harreman zubiak eraikitzen» jarraituko duela zin egin zuen, «adostasuna modu eraginkorrean antolatzeko». Horretarako, maiatzaren 18a ezinbesteko zitatzat ikusten du elkartasun mugimenduak: «Tokian tokiko eragile, talde eta herritarrekin elkarlanean, euskal presoen giza-eskubideen aldeko mosaiko aberatsa eraiki behar dugu egun horretan».