GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Orubeak bai, eraisteko!

Ez, gaurko honetan ez dut Aita Santua zorroztarritik pasatuko, gogoa kristorena eduki arren, nik eta harriak berak ere! Zeinek jakin! Beharbada, Aitak berak ere gogoa izan! Jainkoak baleki! Orubeak hartuko ditut hizpide. Ez, ez naiz arituko Vatikanoko orubeen gainean, demonio! Eraikitzailea izan gura dut, baina positiboan, ez ohiko eraikitzaile. Tira, harira! Aldiro plazaratzen dituzten estatistika ofizialei erreparatuz gero, eraikuntza sektorea maldan behera doa, lurralde lauetan bertan ere, behera; goian dagoen guztiak zertan on izan behar ez duen seinale. Bai, gezia beherantz estatistiketako tauletan. Pena, modako enprendedore diren askorentzat; poza, ingurumenetik zintzo bizi gura duten guztientzat. Bestela, ingurupena izango zen, denontzat. Bai, eraikinen eraikuntza lur jota dago. Behean bego! Lur-zizareen jaki! Amen! Eskastu egin dira garabiak gure orubeetan, hondatzetik zer irabazi ez dutela. Beste garabiak hasi dira orain lanean, auto-garabiak, zer eta garabiak garraiatzen, orubetik gordailura. Kimu berdeen zain. Kolpea! Garabien geroa berdean jartzea!

Ez dakit zergatik, kristaua izanda jakingo banu ere, baina garabien gainbehera horrekin batera etorri da orubeen balioa handitzea. Gaur, edozertarako orubea behar da; lehen, edozertarako ere, legea behar zen moduan, legezko legea, jakina. Orube etikoak, diotenez. Ama, ama! Zenbat garabi ez ote diren behar batzuen iragan-zamak azaleratzeko! Asko, piloa... franko. Orubea? Bai, jakina, nekazaritzak du holakoen beharra! Hiri handien erdigunean bertan ere bai! Are gehiago, legebiltzar guztiek eduki beharko lukete eraikinaren barruan nekazaritza orubea; jakina, transgenikorik gabe. Eta legebiltzarkide guztiak horretan aritu, plenora sartu aurretik, lurra eta zorua desberdintzen jakin dezaten. Azken finean, benetako eztabaidak ez dira zoruzko eskainuen artekoak, lurrezko orubekoak baizik. Gainera, emaitzen boltsa bat eraman dezakete etxera! Fresko-fresko, gozagarri. Ama, ama! Noiz amaituko orube etikoen burbuila hau? Eraikitzeko baino eraisteko garaia da. Garabiak eraisteko behar dira, eta azkeneko garabiak berak eraitsita aukera zabalduko da, ganorazko orubean eraikitzeko. Kawen! Barkatu, gaur ez nuen gura Aita Santua gogoan izan, baina eske...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo