Urtzi Urrutikoetxea BERRIA 2013/3/22
Egun berria hasi da
(...) Kurdistan independentea edozein kurduk aitortuko dizun ametsa da, konfiantza pixka bat hartutakoan. Denek daukate, etxean edo paparrean eskegita, lau estatuetako lurraldeak batzen dituen mapa. Baina gaurko Ekialde Hurbilean, Irakeko esperientziari jarraiki -zeina, euskal autonomia baino askoz zabalagoa den, erabateko burujabetza baitute kurduek Irak federalean, euren mugak kontrolatzera arte-, estatuen baitan dagokiena eskuratzea da lehen urratsa. Turkian bereziki. Estatuaren laurdena dira, hogeitaka milioi lagun, gutxieneko eskubiderik gabe. (...) Baina Turkiak ezin du estatu demokratiko izan biztanleen laurdena miserian, baztertuta eta arrazismoaren menpe dituela.
Zergatik orain, zein interes dauka Turkiak? Ez da Europari erakusteko neurri kosmetikoen sasoia, baina mendebaldeak, AEBek bereziki, pisu handia daukate Ankaran oraindik ere. Amets neo-otomanoa inoiz baino indartsuago dago, Turkiak eskualdeko potentzia izan nahi du. Baina uste baino ahulagoa dela ikusi du. Golkoko erregimen sunitekin bat egiteak, eta Teheran-Bagdad-Damasko ardatz xiitaren aurka, barne etsaia hauspotu dio. Eta kontraesanak agertu. Bagdaden aurka Hego Kurdistango Gobernuaren aliatu leial bihurtu da, petrolio-hornitzaile du Erbil, eta Masud Barzani lehendakari kurduak mehatxu bezainbat balizko independentziarako berme dauka Ankara. Kontraesanetik mehatxura, bere mugetan PKKren aliatu bat, Siriako PYD, Kurdistan autonomo berri bat sortzen ari dela ikusi du Turkiak, izututa. Barzaniren babesarekin, gainera. Turkiak arabiar matxinoekin ez bezala, Damaskok ez du kurduak armatu beharrik izan. Kurdistandik erretiratzea aski izan du Al Assadek Turkiaren ahultasuna agerian uzteko.
Lautik bat zen libre, eta bigarrenak bere burua askatu du. Iran urduri dago, hauteskundeak ditu aurki. AEBek Israelen ostean eskualdean daukaten aliatu garrantzitsuena da Turkia, eta ezin dute utzi, Iran jomugan dutela, horrelako barne-gatazkek ahultzea. Ankarak aukera historikoa dauka auzia konpontzeko. Kurduek ere esperientzia berriak izan dituzte gatazka-konponketan. Goizegi da dena jakiteko, baina ez da inongo sekretua Europan kurduek bilatu duten babesa. Sinn Feinekin, Brian Currinekin. Atzo ere ez zen euskal ordezkaririk falta Ameden. (...) Armak isilduta, politikaren ordua da. Zorionak, Egun berria da, Newroz pîroz be.