Durangaldea atera zen garaile ostiralean Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketako finalean
GARA | BILBO
Durangaldeko taldeak irabazi zuen Bertsolari Gazteen XXI. BBK Sariketa, ostiralean Bilboko Kafe Antzokian eginiko finalean. Finala ehunka lagunek jarraitu zuten bertatik bertara. Gehienak Durango eta Algortatik etorritako ikasle gazteak ziren eta txalo eta babes oihuekin animatu zituzten beren taldeak.
Arkaitz Estiballesek, egungo Bizkaiko bertsolari txapeldunak, Juanjo Respaldizak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak, eta Gorka Intxaurbek, filologian eta bertsolaritzan adituak, osatutako epaimahaiak 412 puntu eman zizkion Durangaldeko seikoteari eta, horrenbestez, Ipar Uribekoari gailendu zitzaion, azken honek 385 puntu eskuratu baitzituen. Beraz, Garoa Angiozarrek, Iruri Altzerrekak, Txaber Altubek, Aitor Bizkarrak, Ander Gerrikaetxebarriak eta Ane Alegriak osatzen zuten taldeak Ipar Uribekoa menpean hartu zuen; hau da, Unai Mendiburuk, Aitzol Muruagak, Paule Loizagak, Inazio Vidalek, Peio Arondo eta Imanol Uriak osatutakoa.
Esan beharra dago, 18 urte artekoen atalean Durangaldekoek 168 puntu lortu zutela eta Ipar Uribekoek, 175, baina nagusien atalean nabarmendu ziren irabazleak, 244 punturekin, galtzaileak 210 baizik lortu ez zuten artean.
Bi talde finalisten artean 2.000 eurotik gora banatu dituzte saritan, Durangaldeak 1.260 euroko lehen saria jaso du eta Ipar Uribek 900 euro jaso ditu. Horretaz gain, 140 euroko saria eman diote Arratiako taldeko Irati Astondoari bizkaiera egokiena erabili duen bertsolari gaztea izateagatik eta 70 euro, Iruri Altzerrekari finalista gazteena izateagatik.