Batak bertzea txalotuz, gainezka egin dute Gipuzkoako herrietako kaleek
Sagardotegi sasoi betean, arratsaldean sartu zen Korrika Hernanin, ausart. Eta bestazalez lepo ziren kaleek eztanda egin zuten. Herriko plazara ailegatu zenean ilarak segi eta segi egiten zuen, txistularien doinuekin. Mozorroak zeuden, basoak eskuan tabernatik atera zirenak, gurasoen eskuetatik zihoazen haurrak... Sekulako nahaste polita.
Goizeko bederatzietarako zain zeuden itziartarrak, lasterketa igaro baino ordu eta erdi lehenago, ilusioz beteta. Han ziren Naiara eta Garazi dantza taldeko kideak, baita Itziar ere, azken hau megafonoa eskuan, animatzeko. Korrika pixka bat egiteko asmoa ere bazuen. Kontatu zigunez, zortzi kilometro erosiak zituzten Itziarren: Guraso Elkarteak, Andutz kultur taldeak, zenbait lantegik... Bezperan eskola bukatu zenez, besta txiki bat egin zuten haurrentzat puzgarriekin eta pintxo-potea ere izan zen. Atzo ere, izerdia atera ondotik, hamaiketakoa jan behar zuten elkartean. «Badator, badator!» zioten, urduri. Multzo polita heldu zen maldan goiti eta kaskoan lagun gehiago batu ziren. Bizkarretik eta eskutik helduta, dantza taldeak heldu zion lekukoari. Eguraldia ederra zen, parajea ederragoa.
Lea-Artibai eskualde horretan indartsu ibili zirenez, martxa aurreratuta zihoan Itziarretik Zestoara bidean, eta korrikalariak sugea bezala sigi-saga eginez jostatu ziren. Furgonetatik argazkiak egiten zizkieten eta irriz lehertzen ziren.
Zestoan, Aner txikiak eragin zion makila preziatuari AEK-ko ikasleen izenean, eta aitzinerago, Miren amatxik eta bilobak partekatu zuten testigua. Tuneletatik igarotzean, eskuak altxa eta oihu egiten zuten indar betean. Batzuk Ondarroatik zetozen eta oraindik sendo eusten zioten erritmoari. Realeko bi txiki eskutik zihoazen buruan, herri eskolaren eta guraso elkartearen kilometroan. Txaloen burrunba aditzen zen Izarraitzen babesean.
Astindu dantza taldeak eta Zumaiako institutuko ikasleek egin zuten laster, bertzeak bertze, begiak itsasora zuzen joaten diren Getariara arteko bidaian. Herri honetan, alkateak altxaferoak botatzen egin zien harrera eta adineko bikote batek intentzio guztiarekin, indar handia transmitituz, agurtu zituen. Zarautzen, aldiz, gainezka egin zuen lasterketak, kaleak kolapsatzeraino. Vanesa kuadrillakoekin atera zen. Irakaslea da Iruñean eta Erriberan ere egin zuen korrika, Cintruenigon hain zuzen. Bost kilometro egin zituzten eta lekukoa eraman zuen lehen aldiz. «Oilo-ipurdia jartzen zait», aipatu zion ondoko lagunari. «Niri negarra sortzen zait», erantzun zion besteak. «Ba, niri poza». «Bai bai, negarra pozagatik», argitu zion lagunak.
Musika plazako besta giroan zeuden Mikel, Joseba, Laura, Juana eta Julen. Barnetegi ibiltari bat egina zuten elkarrekin eta atzo koloretako ileorde eta oihalekin mozorrotuta, batzuk bizikletan (bi gurpilekoan eta batekoan) eta bertzeak lasterka atera ziren. Basauri, Karrantza, Legarda eta Berangokoak dira. Laura, aldiz, Marbellakoa da eta Euskal Herrian bizi da. Azaldu zigunez, horregatik ikasten ari da euskara, «oso inportantea delako kultura eta jendea ezagutzeko».
Lasarten ere sekulako giroa sortu zen. Txaloka eta batukadarekin hartu zituzten lasterkariak errepidearen bi aldeetara, eta Kukutza dantza eta antzerki eskolakoek ilaran, sudur gorri eta arropa koloretsuekin dantza egin zuten, ikurrinari musu emanez. Jendeak Korrika txalotzen zuen eta Korrikak jendea, konplizitatez.
Maider IANTZI