GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

PILOTA Berezkoen Binakakoa

Sorhuetek eta Ducassouk sekulako abiada hartu dute

40 eta 16 irabazi zieten Larretxeari eta Lanberti, eta finalerdiak jokatzeko txartela eskura dute.

p048_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Sebastien Sorhuetek eta Battitte Ducassouk hanka eta erdi finalerdietan dute, atzo A multzoko bigarren partida ere irabazi ostean. Larretxeari eta Lanberti 40 eta 16 irabazi zieten, 72 minutu pilotan aritu ostean.

A multzo honetako lehen bi sailkatuek finalerdiak jokatzeko txartela eskuratzen dute, eta azken biek final-laurdenak jokatuko dituzte. Sorhuetek eta Ducassouk jokatutako bi partidak irabazi dituzte, eta zaila izango da orain finalerdietatik kanpo geratzea. Atzo oso erraz lortu zuten garaipena, aurkariei ez baitzieten inongo aukerarik eman. Saketik 13 tanto egin zituen Sorhuetek, eta sei besterik ez Larretxeak. Jokoan 18 egin zituzten irabazleek, eta galtzaileek, sei besterik ez. Galdu, berriz, lau kintze egin zituen bikote irabazleak, eta galtzaileak, 9. Markagailuak hau erakutsi zuen: 3-0, 8-1, 17-8, 24-10, 29-11 eta 40-16.

Final-laurdenak

B multzoan, berriz, Biellek eta Ezkurrak 40 eta 28 hartu zituzten mendean Intxauspe eta Jannots, eta final-laurdenak jokatzeko pauso garrantzitsua eman zuten, jokatu dituzten bi partidak irabazi ostean. Multzo honetako lehen bi sailkatuek final-laurdenak jokatuko dituzte, A multzoko azken bi sailkatuekin batera, eta azkeneko biak, berriz, txapelketatik kanpo geratuko dira.

Lehen zatian galtzaileak aurretik ibili ziren, eta zortzi kintzeko aldea ere izan zuten alde 8-16 egon zirenean, baina Biellek eta Ezkurrak ongi erreakzionatu zuten, eta 10-2ko partziala lortu ostean, 18-18 berdindu zuten. Hortik aurrera irabazleak aldea ateratzen hasi ziren, eta 19-8ko partziala lortu, eta 37-26koa jarri zuten markagailuan. horrekin norgehiagoka erabakita utziz. Hortik aurrera galtzaileek zenbat egingo zituzten jakitea falta zen, eta beste bi kintze bakarrik egin zituzten.

Norgehiagokak oren bat iraun zuen, eta saketik 10 kintze egin zituen Biellek, eta bi gutxiago Intxauspek. Jokoan 19 kintze egin zituzten irabazleek, eta 11, galtzaileek. Galdu, berriz, 9 galdu zituzten irabazleek, eta 11, galtzaileek. Markagailua honela joan zen: 0-1, 1-1, 3-3, 4-4, 6-6, 8-16, 18-18, 28-19, 34-24, 37-26 eta 40-28. Paxkal Ezkurrak markatu zituen aldeak.

Bigarren jardunaldia bihar jokatuko da, 17.00etatik aurrera Donibane Garazin. A multzoan, Agirre eta Ozafrain Lanberten eta Bonebeltxen aurka neurtuko dira. Txapelketan jarraitzeko, ezinbestekoa izango dute bihar garaipena lortzea.

A multzoan, berriz, Waltari eta Harizmendi Etxeberriren eta Harizmendiren aurka lehiatuko dira. Bi bikoteak lehen jardunaldian galduta agertuko dira Nafarroa Behereko partidara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo